Frantziako Tourra 2022, jarraipena

Pogi eta Van Aert: bi basapizti, garaile bakarra

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2022ko uzt. 7a, 17:36

Argazkilaria: Pauline Ballet. letour.fr webgunetik hartutako irudia.
Pogacarrek aise irabazi du gaintxo batean bukatzen zen etapa, eta lidergoa ere lortu du; Van Aert-ek erakustaldia eman du, tropelari hordagoa botata, baina galdu egin du apustua.

Tadej Pogacar askok ziotena berresten hasi da. Denak baino gehiago da, eta Tourra irabazteko bidean dela kontrolatu ezin den faktoreren bat gertatzen ez bada. Esloveniarrak aise menderatu ditu aurkari guztiak Logwy gaintxoan, eta gainsariei esker lidergoa ere lortu du. Guzti hori bere taldea erre gabe, Alpecin, INEOS eta Jumbo izan baitira lan zikina egin dutenak, helmugan saririk gabe geratzeko. Ikusiko da Alpeetan zer gertatzen den, UAE-k Majka eta McNulty bakarrik dituelako Pogi laguntzeko. Maillot horia, dena den, bere kasa arazorik gabe molda daitekeela erakusten ari da egunez egun. Hanka batekin irabazi du gaur, oso eroso.

Etapako beste heroia Wout Van Aert izan da. Mila aldiz saiatu da ihes egiten, erritmoa bizitzen. Ziurrenik UAE zigortu nahi zuen Jumbok, Vingegaard edota Roglicekin batera hanka eginez, baina ez dute lortu. Fulgsang eta Quin Simmons-ekin osatu du ihesaldia azkenerako, eta 150 kilometro egin ditu egurrean, tropel indartsuari hordagoa botata. 11 kilometrora harrapatu dute, baina zaleen txaloa bereganatu du flandestarrak. Iraganeko ziklismoaren ispilu delako, zalea besaulkitik altxatzen duen horietakoa, jarrera erasokorrarekin beti. Arrakastarik lortu gabe ere, txalorik beroena Van Aertentzat bere ahaleginarentzat.

Kartak mahai gainean daude. UAE eta Pogacar zigortu egin behar dira, baina ez buruz buru, hori ezinekoa delako. Urrunetik eraso behar zaio, estrategia erabiliz. Jumbok badaki hori, INEOS-ek ere bai, baina nola egin hori! Hemen esatea erraza baita, egitea ez hainbeste!

Bihar lehen aukera, estrategia horiek martxan jartzeko. Zazpigarren etapa korrituko da, mendiko lehena: Tomblaine-Super Planche des Belles Files. 176 kilometro eta 2.000 metroko desnibel metatua denera. Hirugarren mailako bi mendate, aurrena, eta bukaeran, helmugan, lehen mailakoa, Pogacar-en legenda hasi zen toki berean. Oso mendate tentea da, itoa, baina labur samarra: 8 kilometro eskas, %8.7ko batez besteko desnibela. Lau kilometro osok %9tik gorako pendiza dute, eta azken kilometroan %20, eta %24ko malda bi ere badaude. Oilarren borroka bete-betea espero da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak