Frantziako Tourra 2022, jarraipena

Van Aert izan da haize-babesa

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2022ko uzt. 5a, 17:53

Van Aert helmugara iristean. Argazkia: Stefano

Flandestarrak txikitu egin du tropela helmugatik 10 kilometrora zegoen muinoan, eta erakustaldia eman, etapa irabazi eta lidergoa sendotzeko.

Cap Blanc-Nez muino txikiak ekarri du ikuskizuna, eta ez haizeak. 900 metroko aldapa laburrak, haizea ez baita nahikoa indartsua izan, ezta norabide egokitik jo, tropela hausteko. Azken mendatean Jumbo Vismak hautsi egin du lasterketa Van Hooydonck eta Van Aert-ekin. Hainbesterako, Van Aert-ek berak bakarrik egin duela aurrera, Vingegaard eta Yates taldekidea lehertuz. Atzetik errosarioa. Vlasov eta Pogacar larri antzean joan dira, Roglic ere eroso ez, baina kilometro batzuk pasata, elkartu egin dira oilar ia guztiak. Van Aert izan ezik, jakina. 10, 15, 20, 25 segundo, minutu erdia... Garaipen handia lortu du Van Aert-ek, tropel guztia hankapean utziz. Bigarren hirutan izan ostean, lortu du berea Jumboko flandestarrak, eta lidergoan ere sendotu da.

Etapako lehen hiru laurdenak zozo samarrak izan dira, berriro. Ihesaldi merkea, tropelak ez duelako batere zailtasunik jarri, eta bi protagonista ezinezkoa zen balentriaren bila: Magnus Cort Nielsen eta Anthony Perez. Hirugarren ihesaldia errenkadan Education First taldeko danimarkarrarentzat, lehena Cofidis taldeko Perez tolosarrarentzat. Cort mendiko puntuen bila, bere lidergoa lortzeko. Zortzi minutu lortu dituzte azkar, baina Quick Step taldeak haize-babesak sortu ditu une batean, eta tropela hiru zatitan banatu da. Erritmoa asko bizitu da, eta aurreko bikoaren aldea 3 minutura murriztu. Ondoren lasaitasuna itzuli da berriro, azken 35 kilometroetan sartu arte.

Kostaldera iritsi dira une horretan, eta tentsioa areagotu egin da berriro. Cort ordurako tropelera itzulia zen, eta Perez.ek egoskor iraun du buruan, minutu pasatxoko aldean. Helmugarako 10 kilometro falta zirela irentsi dute Okzitaniakoa. Ondoren etorri da Jumboren oldarraldia, eta Van Aert-en hautsia. Ikaragarria, biharko etapari begira hortzak zorroztu dizkiena txirrindulari guztiei.

Bihar Tourreko etapa erabakigarrienetakoa izan litekeena korrituko da: Lille-Arenberg Porte du Hainaut, 157 kilometroko. Harbideen erresuma, eta harbide zati asko eta luzeak. 11 denera, 20 kilometro inguru, eta horietako zenbait luzeak, bi kilometro terdi pasakoak. Bata bestearen atzetik daude denak, azken 60 kilometroetan, arazoren bati bueta emateko tarterik ez da egongo. Matxurak eta erorikoak saihestea izango da oilarren helburua, eta tentsio handiko etapa espero da. Jumbo-Vismak eta INEOS-ek badakite Tadej Pogacar zigortzeko aukera bakanetakoa izan daitekeela, biharkoa, eta talde osoa jarriko dute Roglic, Vingegaard eta Geraint Thomas-en mesedean. UAE, aldiz, Pogacar babestera mugatu daiteke. Eguraldi iragarpena ez da txarra, ez dago euri iragarpenik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak