Erlojuaren diktadura

Erabiltzailearen aurpegia

Ostegun arratsa. Suitzako Itzulia ETBn. Bero sapa Suitza aldean, txirrindulari profesionalak latz sufritzen. Watsapean zikloturisten talde batean, Quebrantahuesos lasterketa entzutetsua bertan behera utziko dutela, eta laster egingo dutela ofizial. Erantzun dut. Krixton iskanbila sortuko da, jendeak ez du onartuko. Egin dute ofizial. Idatzi ditut txio pare bat. Burrunba. Euskadi Irratian ere testigantza pare bat bildu dituzte. Ia denak kontra. Moztu zezaketela, goizago atera, egun batzuk lehenago abisatu zezaketela, putada hitza ere bita du bakarren batek…

Kexu ziren asko meteorologia adituak ote ziren… Edo NASA erakundean jardun. Alegia, haiek guztiek bazekitela bihar, larunbatez, Quebrantahuesos lasterketa pasako den tokietan bero itogarria egingo zuela. Pasa den astelehenetik zekiten, gainera.  Beste inork ez zekien, eurek bai. AEMET eguraldia iragarri eta alerta mailak erabakitzen dituen Espainiako meteorologia agentzia ofizialak ez zekien. Batez ere bospasei eguneko aurreikuspenek %20ko fidagarritasuna dutelako. Hutsaren hurrengoa. Probak ezin dira sei egun lehenago bertan behera utzi, 48 ordu lehenago baizik. Azken eguraldi parteak egiten direnean, eta alerta mailak zehazten direnean. Ostegun arratsean egin zuten azken partea, eta alertak erabaki, eta horien baitan erabaki zuen antolakuntzak proba bertan behera uztea. 

Bina guri bost. Erlojuaren diktadurapean bizi baikara. Erotuta gaude, eta gauza gutxi pasatzen zaizkigu. Ez gara jabetzen 40-43 graduko tenperaturarekin 25 kilometroko mendateak igotzeak edonor heriotzara eraman dezakeela. Heriotzara!!! Zer esanik ez zikloturista diren herritar soilak, hilabetetako entrenamendua egokia izan arren. Gizakion gorputza, bihotza, ez dago baldintza horietan muturreko ahaleginak egitera ohitua, ahalegina ordu askokoa baita, eta berriro diot, muturrekoa. Quebrantahuesos klasikoa egin duen edonork daki hori. 

Jendeak hotela hartua zeukan, jai egunak eskatuak, bere imagimarium-ean dena prest: erronka lortu, Quebrantahuesos klasikoa 6, 7 edo zortzi ordutan egin. Proba bukatu, 10 zerbeza edan, eta igandean, etxera bueltatu ostean kuadrillako poteoa egin Quebrantahuesos klasiko zikloturistako kamiseta soinean duela, kabitu ezinik, probako xehetasun guztiekin ondokoak aspertuz. Aragoiko eta Biarnoko Pirinioetan antolatzen den proba harrotasun marka delako egiten duten askorentzat, kirol lorpen gorena, orgasmoaren parekoa. Hilabete asko buruan proba hori eduki eta prestatzen jardun, eta bertan behera utzi izanak askoren ego-a, testosterona apaldu du, eta hori onartezina da. "Zergatik kendu didate jostailua?", pentsatuko zuten askok. 

10.000 parte hartzaileen artean egoera larriak gertatuko ziren, ziur. Susto dezente ere bai. Alerta gorriarekin sorospen zerbitzuak beste behar batzuetara bideratu behar dira, baina Quebranta egin nahi zuen zikloturistari horri bost. "Nik nire Quebranta egin nahi dut, ze bero eta ze demontre" bezalako mezu franko irakurri ziren atzo sare sozialetan. Halakoak esan zituzten batzuk hil egingo ziren gero igual, edo errepide bazterren batean botata geratu, laguntza jaso ezinik, baina bost axola horrek. Quebrantahuesos klasikoa korritu nahi zuten, kosta ala kosta. 

Askok proba euren kabuz egingo omen dute bihar. Sorospen zerbitzuen laguntzarik gabe, errepideak itxi gabe. Egin dezatela. Ezin zaie debekatu. Istripuren bat gertatzen bada ere ez gara enteratuko, ziurrenik. Eta esango dute, beroa ez zela hainbesterako, eta ez dagoela eskubiderik proba bertan behera uzteko. Zenbaitzuk Quebrantahuesos osatuko dute, eta denbora neurtuta zorrotz. Ez da, baina, denbora ofiziala izango, ez da inon agertuko, eta horrek atzo haserretu zirenak haserre mantenduko ditu luze.

Erlojuaren diktadurapean bizi garelako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.