Kantauri Itsasoak, Saharako bero boladari Euskal Herriko kostaldera eta Beterri eskualdera lainoa sartzen duenean erantzuten duen bezala, tropel nagusiak ere nahi modura erantzuten du. Agintari krudela da, diktadorea ia-ia, eta ez du ogi apurrik uzten inorentzat, nahierara moldatzen da. Tarteka bere agintea inposatzea kosta egiten bazaio ere. Cuneoko etapan jazarpen lan ikaragarria egin du tropelak ihesean zihoan laukotea harrapatzeko, eta larri ibili da, helmugara iristeko 700 metro falta zirela harrapatu baititu iheslariak. Tropelak estutu egin duelako, baina baita aurreko laukoteko kide batzuk zurkerian aritu direlako.
Van den Berg, Mirko Maestri, Prodhomme eta Eeckhorn geratu dira buruan, eta eguneko ihesaldia oso garestia izan da. Laurek 7 minutuko zuloa ireki dute ia eguneko mendate bakarrean. Handik 90 kilometroko ordeka laua, helmugara, eta tropelean sua. Ez, bai, agian ez... Hortxe ibili dira, baina aurreko laukotean Eeckhorn bakarrik ari zen bete-betean tiraka. Besteak ere pasa dira errelebora, baina hori, pasa, eta indarrak gorde. Ulertzen zaila da, etapa garaipena hain gertu eduki eta zurkerian hain erraz jaustea, are gehiago tropelaren hatsa hain gertu sumatuta, baina askotan pasatzen da. Zurkeria garesti ordaintzea bezala. Tropelak harrapatu egin ditu, eta azken zuzengunean aise nagusitu da hirugarrenez Arnaud Demare, Bauhaus-en aurretik.
Bihar 14. etapa korrituko da, Torino handiaren hiri bueltan. Etapa gaiztoa da, impegnativa italieraz esaten duten moduan. Azken 80 kilometroak zirkuito batean egingo dituzte, eta bitan igo Superga eta Colle della Maddalena gainak. Motzak dira, baina gaiztoak. Superga bost kilometro da luze, eta batez bestekoa %8.6koa. Maddalena 3.5 kilometro, eta %8.3ko pendiza, batez beste. Lehen bi kilometroak, baina, %11.6ko batez besteko malda dute. Puncheur eta oilarrak agertuko dira bihar, eta Juanpe Lopez-en maglia arrosa jabez aldatu daiteke. Ez du Romain Bardet-ek jantziko, frantziarrak agur esan baitio Giroari, gaixo.