Etapa garaipenak enkantean jarriko balira bezala doa Giroa. Ihesaldiek arrakasta izateko irekita dute atea parez pare, Juanpe Lopez-en Trek taldeak dauka aginte makila, eta askatasuna ematen ari da. Enkante horretan txirrindulari askok eskaintzen, jakinarazten dute bere asmoa, gogoa, baina ihesaldietan sartzea garestia da. Giroko etapa guztiak oso-osorik ikus daitezke aurten, eta begiratzen ari dena ihesaldi ona harrapatzea zein zaila den jabetzen ari da. Batez ere orain arte ez zelako egoera hori erakusten telebistan. 25 lagunek osatu dute ihesaldia, eta ezagun, edo hautagai sendo asko tartean: Van der Poel, Magnus Cort, Albanese, Mollema, Kelderman, Lorenzo Rota...
Alpecin-Fenix taldeak hiru kide sartu ditu, eta bereziki garrantzitsua izan da Mathieu Van der Poel bertan sartzea. Zaindu beharreko gurpila izan delako beste guztientzat. Eta zaintza horretan garaile Van Der Poel-en taldekidea, Stefano Oldani. Oldani Etnan ere saiatu zen, eta ez zuen urrun izan garaipena. Trensasco gainean erabaki da etapa, eta bertan Oldani bera, Rota eta Gijs Lemreiize herbehereetarra aurreratu dira. Erasorik gabe, modu naturalean, aldapak egin du galbahea. Bitxia Kelderman eta Mollema bezalako txirrindulari onak aurreko hirukotetik kanpo geratu izana. Oldanik, Rotak eta Lemreiizek bidea egin dute, eta euren arteko borrokan Oldani izan da azkarrena. Tropela bederatzi minutura iritsi da, lasai antzean.
Bihar berriro ihesaldia, talde guztiek pastela Trek taldeari utziko baitiote. 150 kilometroko etapa laburra da, San Remo eta Cuneo artean. Mendate bakarra bidean, eta azken 20 kilometroak goranzko joera etengabearekin. Ihesaldia iritsiko da, bosgarrena 13 etapetatik!