Trenoa errailetik atera zenekoa!!!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2022ko mai. 18a, 18:00

Alberto Dainese helmugaratzen. (Argazkia: www.giroditalia.it)

Alberto Dainese esprinter gazteak irabazi du Reggio Emilian, Gaviria eta Consoni menderatuz; jokoz kanpo geratu dira Demare, Ewan eta Cavendish.

Ziklismoa ez da matematika, eta eskerrak. Alberto Dainesek une hauetan izango duen poza zenbaezina izango da. Dainese bigarren mailako esprinterra baita, etorkizun onekoa baina bigarren mailakoa. Demare, Ewan, Cavendish eta besteei itzal egin ez diena, gaur arte. Gaur egin die, ordea, eta oso garaipen ona lortu du, azken 50 metroetan sekulako abiadura emanda esprintari. DSM taldekoak Romain Bardet taldeburuaren laguntza izan du azken bihurgunean, eta La Française des Jeux taldearen trenoa hautsita zihoala, Gaviriaren gurpila hartu eta kolonbiarra aise gainditu du. Demare-ek kale, eta bere taldeak ere bai. Ewan-ek ere bai, Demare-ren gurpila hartzea erabaki duelako, eta Cavendish umezurtz, Morkov pretoriarraren zaintzarik gabe. Litekeena da, sailkapena ikusita, esprinterrak Giroko lehen erdiko nekea nabaritzen hasita egotea, bestelakoan Dainesek ez lukeelako aukerarik izango.

Etapak, bestelakoan, zer kontatu gutxi izan du. Lasaia, laua, eta haizearen arriskua tarteka, besterik ez. Bolognan, helmugatik 80 kilometrora, tropela urduritu da, haize-babesak sortzeko arriskua baitzegoen, baina ez da ezer pasa. Bizi egin du bidea tropelak, eta tarteko helmuga batean Richard Carapaz-ek hiru segundoko gainsaria hartu du ekuatortarrak. Galtzea baino beti da irabaztea, baina hainbat irakurketa eduki ditzake Carapaz eta INEOS borroka horretan sartzea. Batek daki, Veronan, 10 egun barru, hiru segundo horiek erabakigarriak izango diren podiumean sartzeko, edo Giroa irabazteko. Ondoren Dries De Bondt saiatu da, eta estutu du tropela, bi kilometrora harrapatu baitute. Juanpe Lopez andaluziarrak jarraitzen du lider.

Bihar 12. etapa jokatuko da, 204 kiometro Parma eta Genoa artean, etapa gorabeheratsua. Hirugarren mailako hiru mendate daude etapako bigarren erdian, azkena piko samarra, helmugatik 30 kilometrora. Gauzak ondo, esprinter azkarrenak jokoz kanpo utziko ditu horrek, eta klasiko zale edo puncheur-ak sartuko dira jokoan. Ihesaldia gaur baino askoz garestiagoa egongo da, gaurkoa oso merkea izan baita Taggiani eta Rastellirentzat. Bihar ez da hain erraz sortuko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak