Garaipen itsusiak ere badaude; Carlos Rodriguez-ek Marc Soler-en bizkar lortu du etapa; Roglic-ek pott egin du, eta Evenepoel da lider berria

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2022ko api. 8a, 18:44

Carlos Rodriguez helmugara iristen. Argazkia: Luis Gomez / Sprint Cycling Agency

INEOS taldeko espainiarra eguneko ihesaldian sartu da, baina 40 kilometrotan Soler-en gurpilean joan da, erreleborik eman gabe, Soler-ek INEOS-en Itzuliko garaipena arriskuan jartzen zuelako; Karabietan aise ihes egin du garaileak, eta etapa irabazi. Itzulia oso irekita geratu da azken etaparen atarian

Garaipenek ez lukete itsusitik, tristetik ezer eduki behar, baina gaur eduki dute. Carlos Rodriguez espainiarrak irabazi du Mallabian, ihesaldi luze bati errematea emanda, baina ihesaldi horretako tarte erabakigarrian INEOS taldeak, eta ondorioz Rodriguezek berak erakutsi duten jarrera itsusia izan da. Hainbesteraino, besteen bizkar gain lortu dutela etapa. Rodriguez eguneko ihesaldian sartu da, eta Marc Solerrek bi lagunera xehatu du lasterketa burua: bera eta Rodriguez. Orduan etorri da batzuk ulertu, besteok ulertezintzat jotzen dugun erabakia. Rodriguezek ez dio erreleborik eman Soleri, kataluniarra sailkapen nagusiari begira arriskutsua izan zitekeelako INEOS taldeko Dani Martinez eta Adam Yates-ekiko. 40 kilometro egin ditu gurpilean, baina Solerrek egurrean jarraitu du. Behin arriskua hartuta, jarraitu egin behar zuen, eta etapa ikaragarria egin du.

Tropela minutura hurbildu da Elgetan sartu aurretik, eta orduan larrutu du Rodriguez-ek Soler. Erasoa jo eta trapu zaharraren pare utzi du bide bazterrean. Ordurako oilarren tropela hausten hasia zen, baina ez Elgetako malda gogorrenetan, Elgeta herrira bidean dauden zuzenguneetan baizik. Remcok bizitu du erritmoa, eta berarekin joan dira Ion Izagirre, Vlasov, Dani Martinez eta Vingegaard, eta beranduxeago Pello Bilbao bera. Roglic ez da mugitu. Ezin jakin ezinak jo duelako izan den, edo despistatu egin delako, baina Itzulia oso maldan gora jarri zaio. Arreta galtze edo despisteak ohikoak izan dira esloveniarraren ibilbidean, eta bihar jakingo dugu gaurkoa beste despiste bat izan den, edo hankek kale egin dioten. Liderra zena Evenepoel lider berriarengandik 1.05era dago, orain.

Evenepoel-ek arriskatu egin du, onenen taldea hautsi, eta Karabietan behera beragan ohikoa ez den ziurtasunarekin jaitsi, mendate horrek zati tekniko zailik ez badu ere. Mallabiako helmugan Dani Martinez-ek bakarrik garaitu du, eta itzulia irabazteko aukera ezin hobea dauka. Ion Izagirre eta Pello Bilbao helmugaratu dira ondoren, eta Vingegaard eta Vlasov San Ferminetako entzierro hezeetan kabestroak nola, hala ibili dira, bizikleta gainean mantendu ezinik. Hainbesterako, oinez joan behar izan dutela helmugara. Kontuak egin eta Evenepoel-ek jantzi du maillot horia, bi segundogatik.

Biharko etapa Giroko edo Tourreko etapa menditsuenaren parekoa da zailtasunari erreparatuz gero, ezin baita mendate gehiago jarri, hain tarte txikian. 135 kilometro baino ez, baina 7 mendate bidean. Hirugarren mailako Elkorrieta eta Urkaregi, bigarren mailako Endoia eta Gorla, eta lehen mailako Azurki, Krabelin eta Usartza. 3.600 metroko desnibel metatua, eta estrategia oro jokoan jartzeko terreno ezin aproposagoa. Evenepoel liderraren Quick Step taldeak ez dauka lasterketa kontrolatzeko talderik, eta horrek urruneko erasoak erraztuko ditu. Gauzak normal INEOS taldeak hartu behar luke ardura, eta Dani Martinez-ekin itzulia bilatu. Minutu bateko tartean txirrindulari asko daude, eta biharko etapan minutu bat hutsaren hurrengoa da. Roglic eta Adam Yates bera ere erabat ez baztertzea komeni, badaezpada.

Sailkapen nagusia

  1. Remco Evenepoel. Quick Step. 18:12:29
  2. Daniel Felipe Martinez. INEOS. 2ra
  3. Ion Izagirre. Cofidis. 21era
  4. Aleksandr Vlasov. BORA. 22ra
  5. Pello Bilbao. Bahrain. d. b.
  6. Jonas Vingegaard. Jumbo-Visma. 29ra
  7. Enric Mas Movistar. 37ra
  8. Primoz Roglic Jumbo-Visma. 1.05era
  9. Adam Yates INEOS. 1.15era
  10. Marc Soler UAE Team Emirates. 1.30era

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak