Astelehenean hasiko da Euskal Herriko Itzuliko 61. ekitaldia. Gipuzkoan hasi eta bukatuko da, baina herrialdeko bi muturretan. Ekialdean hasiko da, Hondarribian, eta mendebaldean bukatu, Eibarko Arrate gainean. Txirrindularitza arnastuko da euskal errepideetan barrena sei egunez, ibilbidea eta parte hartzea ezin aproposagoak baitira zaleak bide bazterretara erakartzeko.
Parte hartzea maila handikoa izango da, ohiko legez, eta tropeleko izar distiratsuenen artean bakarrak egingo du kale. Hori bai, momentuko ziklista onenak, ziur aski: Tadej Pogacar. Esloveniarra nahieran ari da denboraldi hasiera honetan, eta zurrumurruek zioten gure aberrian izango zela Primoz Roglic herrikide eta iazko itzuliko garaileari txapela lapurtzeko ahaleginean, baina ez da hala izango. UAE taldekoa iparreko klasikak irabazteko ahalegin betean murgilduta dago, eta Flandesko Tourrean ariko da igandez. Biharamunean hasten da Itzulia, eta bere taldeak ez du Euskal Herrira ekartzerik nahi izan, neke handia pilatu dezakeelako.
Bestelakoan, Hondarribiko irteeran izango dira ia denak. Iazko garailea, noski, Primoz Roglic. Haren erregetza hausten saiatuko dira Kataluniako Volta irabazi berri duen Sergio Higuita kolonbiarra, edota Juan Ayuso espainiarra. Julian Alaphilippe ere bertaratuko da, denboraldi hasiera kaskarrari buelta emateko asmotan, eta ikuskizuna emateko gertu beste hainbat lagun: Geraint Thomas, Evenepoel, Vingegaard, Enric Mas, Vlasov edo Gaudu. Euskaldunen artean Ion Izagirre, Cofidis taldeko ormaiztegiarra eta Pello Bilbao, Bahrein taldeko gernikarra dira itzulia irabazteko hautagai nagusiak. Bilbao bikain aritu zen Strade Bianche klasikan, eta Giroaren atarian Euskal Herriko Itzulia bere helburu nagusia dela esan du itzulia hasi aurretik. Ez dira euskaldun bakarrak izango. World Tour taldeko taldeetan ari direnez gain Euskaltel-Euskadi, Burgos, Caja Rural eta Kern-Pharma taldeetan ari direnetako batzuk ere abiapuntuan izango dira.
Ibilbide bihurria oso
Itzuliko ibilbidea oso bihurria da, eta ia egunero dago tranpatxoren bat edo beste bidean. Lehen etapa, adibidez. 7.5 kilometroko erlojupeko laburra izango da Hondarribian. Laburra bai, baino erraza ez, eta diferentziak egotea espero da. San Telmo gazteluko igoera gainditu beharko dute ziklistek itsas kaian barrena, eta herri gunera bueltan, Hondarribiko Alde Zaharrean 200 metroko harbide zatia gainditu beharko dute, %9ko pendizarekin.
Bigarren etapa da, ziurrenik, denetan errazena, Hondarribia eta Viana artean, Nafarroako herri horretako helmuga pikoan jokoan segundotxo batzuk egon badaitezke ere. Ihesaldietarako aproposa da oso bigarren etapa. Hirugarrena Araban hasi eta bukatuko da, Laudiotik Amurriora. Tartean Aiara bailarako malda ezezagun bi, eta bertakoen hitzetan triskantza handia eragin dezaketenak: Opellora eta Ozeka gainak, malda pikoak gorantz eta errepide estu eta hautsiak maldan behera.
Laugarrenak Gasteiz eta Zamudio lotuko ditu, eta azken tartean, Urruztimendi eta Vivero mendatetxo pikoak. Bosgarrena Bizkaian korrituko da ia erabat, hondarrean Eibartik egingo duten pasabidea izan ezik. Mallabiko bukaera pikoa da oso, %16ko maldak daude azken kilometro erdian, eta oilarren artean borroka espero da. Etapa zailena, eta erabakigarriena, seigarrena. Arraten bukatuko delako, baina aurretik mendate festa handia dagoelako. Gehienak, gainera, pikoak: Elkorrieta, Endoia Zestoatik, Azurki Lasturtik, Gorla Azkoititik, Krabelin (4.1 %10.5eko malda), Urkaregi eta Usartza, denetan azkena: 4.5 kilometro, eta %8.8ko malda batez beste. Eguraldi txarra festara batzen bada, menu dotorea. Ikuslearentzat, noski.