Carusoren garaipen handia, Mas eta Roglic buruz buru

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko abu. 22a, 18:20

Bernal justu samar aritu da, baina eguna libratu du hainbestean, eta Landak agur esan dio Vueltari, 5 minutu galduta

Velefique mendate bukaerak min handia egitea espero zen, eta hala izan da. 190 kilometroko etapa, 4.500 metroko desnibel positiboa eta 35 graduko bero sapa, onena ere akabatzen duen konbinazioa da. Damiano Caruso italiarrak irabazi du etapa, bere herrian esango luketen moduan fuori classi bat. Alegia, klase handiko ziklista! 71 kilometro egin ditu bakarrik Bahrein taldekoak, ihesean, aurrena oso garesti zegoen ihesaldian sartzea lortu ondoren.

Bidea egin du Carusok, atzetik zetozenak hiru minutura urrunduz, eta tropela bost minutura, buruan Jumbok bidea lasai egitea erabaki ondoren. Bost minutu oso errenta ona da Caruso bezalako txirrindulari on batentzat azken mendatearen faltan, baina ia denak behar izan ditu irabazteko, minutu ziztrin bateko errentarekin helmugaratu baita.

Arrazoia? INEOSek Roglic eta Movistar zirikatu nahi izan dituela, eta bere apustua galdu. Sivakov-ek erritmo itoa jarri du behe-behetik, eta 30 laguneko taldea dozenara murriztu azkar. Mikel Landa izan da atzean geratzen lehenetakoa, eta Murgiakoak agur esan dio Vueltari, helmugan bost minutu galduta. Adam Yates-ek hartu dio lekukoa Sivakov-i, eta Lopez-ekin batera Roglic atzean utzi. Esloveniarrak, ordea, aurrera egin du bikote horren bila, eta bat egin. Onenen tropeltxoa txikitu egin du erabat eraso horrek.

Roglic, Mas, Lopez, Bernal eta Yates geratu dira buruan, baina Enric Mas-ek Bernalen ezina behartu du eta eraso on batekin Roglicekin bakarrik geratu da. Aspaldiko jarrera ausartena erakutsi du Movistar takdekoak, sendo, eta bi aste luze geratzen badira ere, gaur-gaurkoz Mallorcakoa da Roglic mendera dezakeen bakarra. Lopezek eta Bernalek ez dute denbora askorik galdu, baina koska bat beherago daude, dagoeneko minututik gorako atzerapenarekin sailkapen nagusian.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak