Ihesaldia espero zen, eta hala izan da. 29 lagun etaparen bila. Zoritxarrez Euskaltel-Euskadiko ordezkaritzarik ez. Tartean zaldi on asko: Kuss, Haig, Bardet, Sivakov, Verona... Eta Michael Storer. Australiarrak ez du garaipen zerrenda handirik, 24 urteko gaztea da, baina kiniela guztietan agertzen zen ihesaldian sartu eta etapa irabazteko.
Hanka onak erakutsi ditu DSM taldekoak, eta azken mendate pikoan erakutsi duen nagusitasuna gogoan, aurkariekin jolasean aritu dela esan genezake. Pavel Sivakov errusiarrarekin batez ere. Saiatu da dozena bat eraso jotzen INEOS taldekoa, baina denei aise erantzun die etapa garaileak. Hainbesterako, Sivakov ernegatu egin dela, eta azken aldapan lagungarri izango zuen indarra galdu. Carlos Verona Movistar taldeko espainiarrak estutu du gehien Storer, helmugatik hiru kilometrora eraso bortitza jota. Storer-ek, baina, aise harrapatu du, eta atzean utzi berehala. 20-25 segundoko zuloa ireki du, eta garaipen ona lortu.
Eta oilarren artean zer? Ba gauza gutxi, Roglic eta Jumboren kontrola erabatekoak direlako. Batez ere liderrarena. Oso sendo, indartsu igo du azken mendatea, eta Adam Yates bakarrik saiatu da erritmo aldaketa egiten. Onenen tropela xehatu du, baina 10 lagunek aise eutsi diote. Han ez zegoena Mikel Landa, justu antzean berriro. Minutu erdia pasa galdu du helmugan Murgiakoak.
Bihar 8. etapa, esprinta berriro, Murtziako La Manga del Mar Menor gune turistikoan.