Esprinter petoak errematea ematen du, azken 100, 150 metroetan pedalak astindu eta lehertu arte. Azken kilometroetan, baina, esprinter horren talde lanak erabakitzen du, eta Albaceten Alpecin-Fenix taldearen lana txirrindularitza eskoletan erakusteko modukoa izan da. Azken kilometroan sartuta Krieger-ek hartu du aginte makila. Kilometro erdira Sacha Modolok, iraganean esprinter garailea izandakoa, egun Philippsen-en mesedean aritzen dena itzuli handietan. Modolok erdi egina eman dio garaipena Phlippsen-i, 150 metrora, beste aurkari guztiak hara eta hona ibili baitira babesaren bila, posizio onenaren bila, eta borroka horretan ondoren azken esprintean behar den gatza botatzen dute faltan askok.
Jakobsen-ek, adibidez. Bakarrik egin behar izan du azken kilometro osoa, eta denek Philippsen-en gurpila nahi zutenez, erabakigarriak izan diren 10-12 metro galdu ditu. Esprinta hasi duenerako bazekien jai zuela. Demare eta Groupama ere kamustuta dabiltza. Demare bera kokapen ona bilatu ezinik, eta bere taldekideak ere bere esprinterra toki egokira eraman ezinik.
Haizerik ez da egon, azkenean, eta tropelak ez du sustorik hartu. 11 kilometrora erorketa handia gertatu da, eta Mikel Nieve, Romain Bardet eta Wurz-Schmidt izan dira kaltetuenak, ordu laurdenera helmugaratuta. Rein Taaramae liderra ere erori egin da, eta maillot gorria lortu du, Kenny Elissonderen mesedean. Norbaitek begiz jo duela dirudi, estoniarra, lidergoa hartu osteko bi etapetan erori egin baita. Bihar seigarren etapa jokatuko da, Requena-Alto de la Montaña de la Cullera. 160 kilometro eskas, eta bukaera 2 kilometroko mendate pikoan, %9.6ko batez bestekoa. Esloveniar hegalariak gorria berreskuratuko du bihar...