Bizitzak ordainekoa eman dio Fabio Jakobsen-i

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko abu. 17a, 18:57

Iazko Poloniako Itzuliko erorketan hilzorian egon ondoren, Jakobsen-ek bere garaile izaera berreskuratu du Molina de Aragonen garaipen ona lortuz

Bizitzak bigarren aukerak ematen omen ditu beti. Edo nahi bada lortzen dela esaten dute, kemenaren garrantziaz mintzatzen direnak. Fabio Jakobsen-ek bietatik edan du, eta bere garaipenak inguruko guztiak poztuko ditu. Herbeheretakoa gure artean egotea mirari baten parekoa baita, pasa den urteko abuztuan, Poloniako Itzuliko esprintean, eta 70 kilometro orduko abiaduran, Groenewegenek hesietara jaurti zuenean. Egun eta gau luzeak, aste bukaezinak eta hilabete gogorrak pasa ditu Jakobsen-ek istripu larri hari buelta emateko, berriro bizikleta baten gainean jartzeko gai izango ote zen jakin gabe. Berriro esprint baten arriskuan murgiltzeko indarra izango ote zuen jakin gabe. Eta igo zen bizikletara. Eta murgildu esprint batean. Eta bueltatu da. Eta denak pozten gara.

Molina de Aragon herriko helmuga bihurria zen. Tricky, ingelesen hizkuntzan. Igoeratxo bat hirugarren kilometrotik bigarrenera. Jaitsiera labur baino gaiztoa, ondoren, eta bihurgune itxiak azken zuzengunea baino lehen. Bukatzeko, 300 metroko aldapa pikoa. Gatza behar da hor egurra emateko, baina gatza adina garrantzitsuagoa da kokapena, tropelaren aurrealdean tokia irabaztea, eta lan horretan talde gutxik Deceuninq baino iaioagoak. Zdenek Stybarrek maisuki eman du Jakobsen azken kilometro erdiraino, eta hor Jakobsen-ek berak hartu du aginte-makila. Ondo zekien noren gurpila jarraitu behar zuen, Arnaud Demare-rena, eta hala egin du, azken 100 metroan frantziarra aise gaindituz eta garaipen polita lortuz. Itxuraz Aberasturi gasteiztarra eta Aranburu ezkiotarrarentzat etapa egokia zen, baina etaparen bukaera bihurriak bezain garrantzitsua da kokapena, bideratzaileen lana, eta jardun horretan Caja Rural-ek ez du Deceuninq eta Groupamaren gaitasunik, eta Astanak Aranburu laguntzeko baliabiderik ere ez.

Bihar bosgarren etapa jokatuko da, beste aukera bat esprinterrentzat: Tarancon-Albacete, 184 kilometro eta zailtasun orografikorik batere ez bidean. Erne haizearekin, berriro. Albacetek badu errima erraza...

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak