Itzuli handi bateko etapa bat irabazteko zorian egon, eta azken segundoan galdu... Amorragarria, ezta? Ba Alex Aranbururen kasuan hazten segi eta konfiantza irabazteko balio behar luke, loria lapurtu dion aurkaria munduko onena baita erlojupekoan, eta Vuelta irabazteko hautagai nagusia. Ondo irabazi dio Roglicek Ezkiokoari, sei segundoko aldea. Denbora jan dio Gazteluko igoeran, errenta mantendu jaitsiera bihurrian, eta berriro ere aldea handitu azken hiru kilometroetan, ordekan, diferentziak egin diren tartean. Esplosiboa da Aranburu, kilometroko aldapa pikoak txistu batean igotzen dituena, eta demonio baten pare jaisten dena, berarentzat erortzeko arriskurik ez balego bezala. Baina Roglic ziklista ikaragarria da, eta haren nagusitasuna onartu behar.
Aipatzeko moduko beste ondorioa. Diferentzi handi samarrak egon direla Vuelta irabazteko hautagaien artean. Roglicek, esaterako, 39 segundo sartu dizkio Mikel Landari, oilar guztien artean okerren aritu den txirrindularia. Hautagai denek lapurtu dizkiote segundoak Landari, akaso hiru aste barru, Vuelta bukatzen denean, erabakigarriak izango ez diren segundoak, baina betikoa, galtzea baino irabaztea hobe. Kussek, esaterako, 24 segundo lapurtu dizkio. Bardet-ek 22, Enric Mas-ek 21, Adam Yates-ek 19, Lopez eta Haig-ek 18, Carapazek 14 eta Egan Bernalek 12. Erotzeko moduko ezer ez, baina hausnartzeko modukoa.
Bihar bigarren etapa jokatuko da, Caleruegan hasi eta Burgos Gamonal langile auzo ezagunean bukatu, 166 kilometro eta zailtasun orografikorik batere ez bidean. Esprinta espero da Burgosen.