39 gradu, bero zakarra, gogorra ordu hauetan Burgosen, Espainiako Vuelta hasiko den tokian. Biharko apur bat jaitsiko omen da, baina 37-38ak joko ditu merkurioak. Seirak baino lehenxeago abiatuko da lehen ziklista 8 kilometroko erlojupekoan, Burgosko kale bueltan, Gazteluko igoera tartean dutela. Irteera ordua atzeratu behar izan dute, antolatzaileek, sustoak saiheste aldera, eta arratseko 6etan kale kantoietan arimarik ere ez zelako egongo, halako bero saparekin. Hemen da egutegiko azken itzuli handia, berantiarrena, eta prestigioz eta oihartzunez apalena, baina polita halere. Gaztelaniazko 3 b hizki famatuak euskarara ekarriz, beroa, bizia eta berezia izango da bihar hasi eta irailaren 5ean bukatuko den Vuelta. Beroa, lehen astean majo sufrituko dutelako ziklistek, eta bigarrengoan ere ikuskizun delako tenperatura egunotakoa izango den edo ez. Aintzat hartu 10 egun barru Andaluzia eta Extremadura aldetik ibiliko dela Vuelta, Espainiako labean, eta lehen astekoa hainbestean libratzen badute, bigarrengoko beroak asko ziplo utz ditzake. Berezia, hiruretan azkena izanda ere, parte hartze distiratsua izango duelako: Roglic, Bernal, Adam Yates, Milel Landa, Carapaz, Carthy, Miguel Angel Lopez... Berezia Euskaltel-Euskadi bueltan delako, zortzi urteko basamortuko zeharkaldiaren ostean. Talde laranjaren koloreak soinean, eskualdeko ziklista bakarra Vueltan: Mikel Iturria urnietarra. Eta bizia. Vuelta oso menditsua delako, bukaera piko eta bihurriak dituen etapa askorekin. Horrek bizitasuna ematen dio lasterketari. Askok, gainera, hustu samar dute garaipenen zakua, eta beharrak jota, lasterketa mugitua izaten da Vuelta.
Astez asteko analisian, lehen asteak dirudi hiruretan errazena, edo erosoena. Picon Blanco igoko da astelehenean, Balcon de Alicante ostiralean, eta igandean Velefique. Almeriako mendietan bukatzen den etapa hori Vueltako gogorrenetakoa izan liteke, bero handia egiten badu. 188 kilometroko saioa, Venta Luisa lehen mailako aldapa 2.000 metroko langaraino, eta Velefique bihurria. Astelehena 23, lehen atseden eguna. Bigarren astean Valdepeñas de Jaen horma igoko dute aurrena, eta asteburuan, Extremadurako mendate gogorrena igoko da: Villuercas, mendate ezezaguna eta gaiztoa. Igandean Avilako mendietan barrena ibiliko da tropela, eta hango mendi malda horixketan idatzi dira Vueltako historiako pasarte ikusgarrienetako batzuk. Azken astea ikaragarria da. Oso menditsua. Asturiasen Covadongako Lakuak igoko dira aurrena, baina aspaldiko partez, mendate gogorrekin aurretik. Aurten La Collada Lomeña igoko dute bitan, 7,6 kilometro %9.3ko batez besteko maldarekin, eta etapa bukaeran Covadonga. Ostegunean Gamoniteiru mendia, komunikazio antena batzuk jarri zituzten 1.772 metroko mendia. Hara daraman pistan barrena eramango dute tropela. Zenbakiek izua eragiten dute: 14.6 kilometro luze, eta %9.8ko malda, batez beste. Asko, noski, %10tik gorakoak. Galizian sartzearekin bat atseden handirik ez, hango terrenoa Euskal Herrikoaren antzekoa baita, gorabeheratsua. Eta azken egunean, Santiago de Compostelan, 33.8 kilometroko erlojupekoa.
Hortxe osagaiak. Apustua? Bernal, edo Roglic. INEOS eta Bahrein taldeek dinamita asko dute. Mikel Landak landisten amorrua askaraziko ote du behingoz? Erantzuna hiru astetan, egunero atari honetan etapako kontakizuna!