Merckx harrapatu nahi al duzu Cav?

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Azurmendi 2021ko uzt. 1a, 18:11

32. etapa garaipena lortu du Cavendish-ek, berriro ere Deceuninq-eko lagunen talde lan bikaina baliatuz; 34 ditu Merckx handiak. Gaindituko ote du?

Historia egitetik gero eta gertuago dago Mark Cavendish. 32. etapa garaipena lortu du Chateauroux-en, Tourreko lehen garaipena lortu zuen hiri berean 13 urte atzera. Eddy Merckx handia bi garaipenera bakarrik du. Eddy Merckx-i buruz ari gara, ziur aski historiak eman duen txirrindulari handiena! Ez da broma. Cav txikiak, gorputzez, egun batzuetako atsedena hartuko du orain, mendia baitator, baina hurrengo astean izango ditu aukera on pare bat bere garaipen zakua handitzeko. Gaurkoa ere oso ondo, aise irabazi du, eta Deceuninq-Quick Step taldeko otsoek lan aparta egin diote berriro. Alaphillippe eta Morkov-ek, batez ere. Morkov-ena latza da, garaipen erdia ziurtatzen baitio bere esprinterrari.

Etapa txistu batean hasi da, eta lehen ihesaldi ahaleginetan tropeleko mando indartsuenetakoak sartu dira: Skujins, Asgreen, Politt, Rickaert, Van Avermaet, Kragh Andersen, De Gendt eta Zimmermann. Alarma gorriak piztu dora tropelean, batez ere saiakera horretan ordezkaririk ez zuten esprinterren taldeetan, Groupama-FDJ kasu. Jakin bazekiten zortzikote horri minutu parea emanez gero jai zutela, ez zituztela harrapatuko, ondo olioztatutako lokomotora indartsuak baitira. Ez diete utzi, eta azkenerako Van Avermaet eta Klugek egin dute hanka. Mutil sendoak, horiek ere, baina bi baino ez. Kontrolpean eduki du tropelak bikotea, beti minutu terdiaren azpitik, baina herenegun bezala, lana beltz egin behar izan dute ihesaldia harrapatzeko. 2.5 kilometrora harrapatu dituzte, azkenean.

Bihar Tourreko etapa luzeena korrituko da, 249 kilometro Verzon eta Le Creusot artean. Zazpi ordutik gora bizikleta gainean, eta azken herenean mina egin dezakeen mendate festa. Ez mendate handiak, baina bai bata bestearen atzetik jarritakoak. Bost daude denera: laugarren mailako bi, hirugarren mailako beste bi (maila hori du azkenak, helmugatik zortzi kilometrora), eta bigarren mailako Signal d'Uchon. Sei kilometro, %5.7ra, baina kilometro batean %11tik gorako malda dauka. Helmugatik 18 kilometrora dago. Ihesaldi onen bat sortuko da, edota klasiko zaleak ahalegindu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak