Simon Yates Bernal izutzen hasi da; Giroa ez da bukatu!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko mai. 26a, 18:15
Dan Martin helmugaratzen. (Argazkia: Giro d'Italia)

Kolonbiarrak helmugatik hiru kilometrora egin du pott, eta Yates hazi egingo da, minutu eskasa irabazita; Dan Martinentzat izan da etapa garaipena.

Ederra da txirrindularitza, inork espero ez dituenak gerta baitaitezke edozein unetan. Bernal liderrak kale egitea, adibidez. Inork ez zuen espero, baina pasa da. Sega di Ala malkartsuan egin du pott Zipaquirako magoak, gainerako hiru kilometroren faltan, eta minutu eskasa lapurtu dio Simon Yates-ek. Maglia arrosa urrun du Bike Exchange taldekoak, oraindik, baina duda eragingo dio Ineos taldeko lider orain arte sendoari.

Bernalen txakalaldia egun batekoa edo gehiago den etzi ikusiko dugu, tarteka, eta atseden egunen ondoren halako ezinak ohikoak baitira. Bernalek hainbestean eutsi dio. Vlasov eta Carthy, aldiz, hondoratu egin dira. Yates da hirugarren nagusian orain, 3.23ra, eta maglia arrosa gertuago du. Carusoren bigarren postua ere bai, minutu pasatxora, eta ingelesa borrokalari petoa da.

Txaloak, era berean, Dan Martin etapa garailearentzat. Ihesaldian sartu zelako, aurrena, eta dozena pasa lagun zituen taldetxoko indartsuena izan zelako. Tropel osolo indartsuenetakoa ere bai, Sega di Ala azken mendatea 1.25ekin hasi eta dozena bat segundoko errentarekin helmugaratu baita, garaipen ederra lortzeko.

Bihar 17. etapa korrituko da, Giroko luzeena, 231 kilometro Roveretto eta Stradella artean. Ia denak lauak, azken herenean muino batzuk badaude ere. Volata kontrolatzeko zaila, morroiak justu baitoaz dagoeneko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak