Etapa garaipenak daude jokoan; Giroko garailea ez

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko mai. 22a, 18:49
Lorenzo Fortunato Eolo taldeko ziklista.

Lorenzo Fortunato Eolo talde apaleko ziklistak irabazi du Zoncolan mitikoan eta Bernalek inurri lan eraginkorra egiten segitzen du.

Giroa lasterketa bakarra da, baina barruan hainbat lasterketa gordetzen ditu. Etapa irabazteko borroka bat dago, baina helburu sailkapen nagusia dutenek bestela ekiten diote etapari, ihesaldia hartzeko burrunbatik ihesi. Ihesaldiak arrakastatsuak izaten ari direlako, eta arrakastatsua harrapatzea lantegi zaila delako. Zoncolanera bidean 11 lagunek egin zuten ihes, eta INEOS taldearen baimenarekin, bidea egin zuten... garaipena euren artean erabakitzeraino.

Eta borroka horretan, ahulenen matxinada. Eolo taldeko Lorenzo Fortunato nagusitu baitzen Zoncolan mitikoan, bere alde inork txakur txikirik ematen ez bazuen ere. Txirrindulari ezezagun samarra delako eta Giroan dagoen talde apalenetako kidea, Eolo taldea. Iheskide, gainera, zaldi onak zituen: Mollema, George Bennett, Oliveira, Tratnik... Ba denak menderatu zituen, Zoncolango azken hiru kilometro malkartsuetan igitaiaren pare ibili behar izan bazuen ere.

Eta tropelean, Bernal nagusi, eta lan askorik egin gabe, gainera, Astanakk Vlasovekin Bernal beldurtu nahi izan zuelako, alferrik. Bernalek hankapean ibili zuelako Vlasov. Martinelli Astanako zuzendariak tropelean tiraka zergatik jarri ziren galdetu zioten, eta Zoncolanen txapeldun handiek bakarrik irabazten dutela. Vlasov-ek frijole asko jan behar ditu Bernalen txapeldun izaera berdintzeko.

Kolonbiarrak egurrean jarri zituen bere morroiak Zoncolango lehen bi herenetan eta Simon Yates-ek erasoa jo zuenean aise jarraitu zion eta beste aurkari guztiak atzean utzi. Kaltetuenak Vlasov bera eta Evenepoel, belgikarra justu. Podiumean Yates eta Caruso daude orain. Aldatuko da, ziurrenik, azken astean. Maglia arrosak jabe ziurra du, dagoeneko.

Bihar 15. etapa jokatuko da, Grado eta Gorizia artean, Eslovenian. Klasiko baten itxura du eta ez da esprint handirik espero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak