Gaurko etapa txirrindularitza eskoletan erakutsi behar da, nola egin duen lana Bora-Hansgrohe taldeak bere liderrak etapa irabazteko. Nola lan onak uzta dakarren. Egin beharreko guztia ondo egin dutelako, eta baita, liderrak nola biribidu duen morroien lana ere. Laugarren mailako mendate luzexka zegoen helmugatik 35 kilometrora, eta Matteo Fabro Borakoak erritmo itoa jarri du aldapan gora esprinterrak nekarazi eta atzean uzteko. Merlier eta Nizzolo atzean geratu dira, Flandeskoa tropel nagusira bueltatzeko aukerarik gabe. Nizzolo ez da urrun ibili, Campenaerts taldekidea ere bere zain geratu delako, baina ezin izan du sartu. Borak egurrean jarraitu duelako. Azken kilometroetan ere ondo babestu dute Sagan, eta azken bi kilometroetan Maciej Bodnar eta Daniel Oss-ek lan bikaina egin dute etapa garailearentzat. Viviani esprinta nahasten saiatu da, 500 metrora erritmoa aldatuz, baina Saganek aise hartu dio gurpila, aurrea hartu, eta garaipena lortu du Gaviria eta Cimolairen aurretik.
Ihesaldia eta esprinta nahi zutenen arteko dema utzi du lehen atseden egun bezperako etapak. Saiatu da boskote bat, eta tartean zen Van Hoorn etapa garailea, Rotterdamgo korsarioa Fermin Aramendi esatari ezagunaren ahotan, baina espero ez zuten kontrario gaizto bat izan dute: trenbidea pasatzeko hesiak jaitsita, trena zetorrelako! Hain zorte txarrarekin, altxa dituztenerako tropela ez zela ihesaldia zegoen tokiraino iritsi, eta beraz, ez dute tropela geratu! 2.30ko tartea zuten, baina minutua joan zaie trena pasa, hesiak altxa eta beste. Boraren erritmo azkartzeak erabat zapuztu du ondoren euren ametsa. Helmugatik 20 kilometrora zegoen gainsari pankartan beste bi treno ikusi ditugu borrokan: INEOS inperioa, eta Deceuninq erreboltariak. Bernal maglia arrosa eta Remco umea. Gannak lagunduta metro pare bateko zuloa ireki du Bernalek, baina Remcok zuloa itxi eta esprintean segundo bat lapurtu dio liderrari, modu ikusgarrian.
Bihar atseden eguna izango da, baina etzi Piccola Strade Bianche, Montelcinora bidean. 35 kilometro sterrato-an, lurbidean egingo dituzte, eta tarteka aldapa handiarekin: matxurak, erorikoak... eguraldi lehorra espero da, baina Dolomitetako etapan baino gehiago gal edo irabaz dezakete askok etzi.