Giroa irabazteko lehen harria jarri du, eta beldurrak uxatu ditu Egan Bernalek, baina bi aste geratzen dira, eta zuhur jokatu beharra dauka kolonbiarrak. Berme handia dauka Ineos taldean, gaurkoan ere sekulako lana egin baitute taldekideek, baina tranpatxoak izango ditu azken urtean zorigaizto ugari jasan dituen kolonbiarrak. Hunkituta adierazi du, etapa bukaeran, etapa garaipenak eta maglia arrosak sekulako garrantzia daukatela bere konfiantzan. Campo Feliceko sterrato edo lur bidean nahikoa izan du erritmo aldaketa bakarra lehen selekzioa egiteko. Giulio Ciccone-k bakarrik eutsi dio, baina Italiako izar berriak ere amore eman behar izan du, eta zazpi segundora helmugaratu da, oso txukun aritu den Vlasovekin batera. Ez zen urruti Evenepoel, 10 segundora, baina wonder boy-ari puntutxo bat falta zaiola zalantzarik ez. Halere, bigarrena da nagusian, Bernalengandik 16 segundora, eta asteazkenean sterrato-ko 35 kilometro izango ditu Bernal atzeratzen saiatzeko.
Etapa oso bizia izan da berriro, eta ihesaldia sortzeko hamaika ahalegin egon dira. Eta sortu denean zaldi onak berriro aurrean: Guerreiro, Bouchard, Bowmans, Mollema, Simon Carr... Bizpahiru minutuko koltxoia eman die tropelak, baina Ineosek espero baino lehenago hasi behar izan du lanean, aurrekoen tartea murrizteko. Eta hala izan da. Jan, jan eta jan. Bouchard geratu da bakarrik aurrean, eta Bowmans-ek harrapatu du, baina otsoak gosez zetozen, Ineoseko Mosconek gidatuta, eta txikitu egin dituzte gupidarik gabe helmugatik 500 metrora. Han, Bernalek jo eta kitto. Lehen asteko nagusia da kolonbiarra. Asteazkeneko Strade Bianche txikiak esango du lehen erdiko nagusia ere baden, edota Evenepoel maglia arrosa zigortzen saiatuko den.
Bihar 10. etapa korrituko da, L'Aquila-Foligno, 139 kilometro baino ez, eta ihesaldietarako etapa aproposa, esprinterrak euren aukera baliatzen saiatuko badira ere.