Ewan, hanka batekin

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko mai. 14a, 18:38

Rocket Pocket-ek aise irabazi du bere bigarrena, De Buyst taldekidearen lan ona baliatuz.

Etapako %90ean arrakastarik edukiko ez duen ihesaldia, eta volata-ren zain zaudenean edozein anekdotari ematen diozu garrantzia. Ihesean Marengo eta Pellaud, hirugarrenez zazpigarren etapan, eta beraiekin Christmas. Ahalegin hutsala. Hirukoaren diferentzia minutu erdiaren bueltan zegoela jakinarazi du Giroak Tim Merlier esprinterrak naturaren deia entzun eta sabel orroak apaltzera geratu behar izan duela belazeren batean. Jakina, denok gogoratu gara Tom Dumoulin gaixoari Umbraill Pass gainera bidean gertatu zitzaionaz... Hura Merlier-ena baino askoz deigarriagoa izan zen, Dumok maglia arrosa zeramalako soinean. Merlier-en pit stop-a ikusi ere ez da egin...

Esprinta gaiztoa zen, 200 metroko aldapa piko batekin helmugatik kilometro pasatxora, eta horrek urduritasuna sortu du volatero-en artean. Azken minutu parean Lotto taldeak jokatu du ondoen, eta Ewan izan da azkarrena. De Buyst taldekideak lan bikaina egin dio, 200 metroko maldan erritmo egokia jarri eta bere garailea babestuz. Gaviriak 500 metrora ekin dio, desesperazioak jota, baina Ewan berak harrapatu du, bizpahiru segundoan hauspoa berreskuratu eta aise nagusitu, Cimolai eta Tim Merlier-en aurretik. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egon, Valterrek segitzen du lider.

Bihar zortzigarren etapa korrituko da, Foggia-Guardia Sanframondi, 170 kilometro, eta bukaera bihurria. Bide erdian Bocca della Selva luzea baina etzana dago, eta helmuga hiru kilometroko aldapa baten bukaeran: lehen bi kilometroak %7,6ko batez besteko pendiza, azken kilometro erdia %4,4ko malda. Dantza gehixeago biharko!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak