Agur esan dio Giroari Landak, zorigaiztoko erorikoan; etapa Ewanentzat

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko mai. 12a, 19:41

Murgiarrak kolpe handia hartu du zazpi kilometroren faltan, eta Giroa utzi du. Dombrowskyk erdibitzaile bat adierazten ari zen laguntzaile bat kolpatu, eta errebotean Landa bete-betean harrapatu du.

Porco cane esaten genuen atzo, eguraldi txarragatik ikaragarri gogorra izan zelako etapa. Eta Porco cane esaten dugu gaur, Mikel Landak Giroa utzi behar izan duelako, zorigaiztoko erorketa baten ondorioz. Catollica-ko helmugara iristeko zazpi kilometro geratzen zirela kolpatu du Dombrowsky-k erdibitzaile bat adierazten ari zen laguntzailea, eta errebotean Landa kolpatu du bete-betean. Berehala ikusi da erorikoa larria zela, arabarra minez txiribueltak ematen ari baitzen errepidean. Bizikleta hartu eta nola edo hala helmugara iristeko imintziorik ere ez du egin Bahrein taldekoak, eta hortxe bukatu da Giroa berarentzat. Espero ez bezala bukatzen den beste itzuli handi bat. Lehen azterketen arabera sorbalda dauka hautsia Landak, eta beste lesiorik ez badu litekeena da Tourrerako osatzea. Garrantzitsuena, baina, ondo osatzea da, lehenbailehen baino.

Landismoa horrela da, onean eta txarrean, zeruan eta infernuan. Erasoa jotzen duenean heldulekua azpitik hartutza poza eta eromena eragiten du, eta erorketak edo hutsegiteak ematen direnean, amorrua. Landarena nahiaren eta ezinaren arteko amodio / gorroto istorioa baita. Bidean, erantzunik gabe geratu den hamaikagarren erronka da, Landarentzat, eta orain Tourrean edo Vueltan bilatu beharko du kontsueloa, garaiz osatzen bada. Ezer ez zeukan etapak zeresan handia emango du, podiuma lortzeko hautagaietako bat erretiratu egin baita. Sivakov ere erori egin da, eta minutu zakua galdu helmugan. Errusiarra, baina, jokoz kanpo geratu zen atzoko etapan.

Bosgarren etapak ez du zer kontatu handirik izan bestelakoan. Azken kilometroa katramilatsu samarra izan da, esprinterrak posizioa bilatzen eta sorbaldari sorbalda, maniobra arriskutsuetan. Merlier-ek arazo mekanikoren bat izan du eta Nizzolok etapa irabaziko zuela zirudienean, Ewan etorri da atzetik, eta bere goitizenari ohore egin: rocket pocket. Poltsikoko su-ziria, edo su-ziri txikia.

Seigarren etapak Grotte di Fasassi eta Ascoli Piceno mendatea tartea osatuko du, 160 kilometro eta 3.000 metroko desnibela. Bigarren mailako bi mendate igoko ditu tropelak, azkena helmugakoa, luzea, baina etzan samarra. Eta Landarik gabe, zoritxarrez. Pello Bilbao taldekidea izanen da orain euskaldunontzat jarraitu beharreko ziklista sailkapen nagusian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak