Erlaitzek zalaparta eta hanka zuztarretako mina eragitea espero zen, eta hala izan da. Lau kilometroko mendate pikoa, gune komantxe-a, kontrolatzeko zaila, eta astebeteko itzulietan ohikoa izaten den jarrera erasokorra, txirrindularien aldetik. Etapako azken 25 kilometroak oso politak izan dira berriro: erasoari erasoa, talde taktikak, batek jo eta besteak erantzun, atzekoa begira geratu, ezina... Eta deskontrol, edo kontrol falta horretan, UAE Emirates taldea nagusi, Top 5ean bi pieza izanda maisuki jokatu baitu xake partida, pieza horiek une egokian mugitzen. Emaitza, Brandon McNultyren lidergoa, eta Itzulia irabazteko aukera ona, 23 segundo kentzen baitizkio etapa bukatu bitartean lider izan den Primoz Roglic-i. Jumbo Vismaren taktikak ere zeresana emango du, ez baita ona izan. Vingegaard danimarkarra sartu dute Erlaitz bukatu baino lehenxeago sortu den seiko ihesaldian. Garaipena lortzeko hautagai ona zen, ez duelako errelebo bakar bat eman aurrean. Helmugan, baina, ez da garaipenaren jokoan sartu, eta egin duena egiteko, hobe zuen Jumbok Vingegaard-i tropel nagusiaren zain geratzea agindu, Roglici lagundu eta McNultyren errenta apur bat murrizteko.
Jumbok kontrolik ez dauka, eta UAEk, McNulty lider dela, ba ote daukan ikusiko da. Agian ez. Pello Bilbao, Bahreingoa, eta Ion Izagirre, Astanakoa, asko hurbildu dira nagusian, eta bihar akaso ez, baina etziko etapan, Arraten, buruko min franko sortzeko aukera izan dezakete. Itxuraz Roglic eta Pogacarren eskuetan segitzen du Itzuliak, Roglicek Arrateko azken igoeran McNultyri dozena bat segundo lapurtzeko gai baita. Baina Josean Fernandez Matxin UAEko kirol zuzendaria zakur zaharra da, eta gaur bete-betean asmatu badu, larunbatean ere taktika eraginkorren bat asmatuko du. Bakarren batek esango du, taldean Pogacar edukita edozeinek asmatuko lukeela taktika eraginkorra, eta ez zaio arrazoirik falta, baina asmatu egin behar da.
Gasteizko etapak sua izan du hasieratik. Ihesaldirik ez 110. kilometrora arte, baina abiadura ikaragarria. Hainbesterako, ordu erdiko aurrerapenarekin helmugaratu direla lehenak. Erlaitzen gora Mikel Landak bere zale sutsuak sutan jarri ditu. Bizikleta helduleku azpitik eutsi tinko, zutik jarri eta eman egurra. Chaves eta McNulty elkartu zaizkio, eta hor ibili dira mokoka tropelarekin, Jumboko morroiekin: orain 10 segundo, ondoren 15... Jumbok bizitu egin du erritmoa igoerako azken kilometroan, eta harrapatu egin ditu Landa eta McNulty. Orduan etapa lortzeko borroka hasi da: Chaves, Pello Bilbao, Ion Izagirre, Buchmann eta beste sartu dira, eta ikaragarri dabilen McNulty ere bai. Bidea egiteko, Roglicek lanerako morroirik ez zuelako. Hainbesteraino, ia minutuko zuloa ireki dutela Hondarribian sartzearekin bat. Seikotean Izagirre eta Bilbao ziren azkarrenak, eta bien artean erabaki da. Garailea nor zen jakiteko ere itxaron egin behar izan dute. Ormaiztegitik Gernikara, edo Gernikatik Ormaiztegira 70 bat kilometro daudelako, baina Hondarribian, atzo, 10-15 zentimetro baino ez. Bi ziklista handiren indarra eta ausardia kamusten ez duen tartea.
Sailkapen nagusian McNulty da lider berria, eta 23 segundora atzeratu du Roglic. Vingegaard taldekidea da hirugarrena, 28ra. Pello Bilbao laugarren posturaino igo da sailkapenean, 36 segundora, Biharko etapak Hondarribia eta Ondarru lotuko ditu, 160 kilometro. Hirugarren mailako hiru mendate daude, eta azken 20-25 kilometroetan etengabeko gorabeherak Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldean. Esprinta ikus daiteke, baina ihesaldiek ere arrakasta izan dezakete.