Primoz Roglic-ek lehen kolpea eman du. Etapa irabazteko hautagaietako bat zen, eta aurreikuspenak bete ditu, Brandon McNulty menderatzea kosta egin bazaio ere. Estatubatuarrak egin du denborarik onena lehen erreferentzi puntuan, eta eutsi egin dio Etxebarria Parkeko aldapa tentean, Roglicengandik bi segundora bakarrik helmugaratuta. McNulty edo Pogacar? Zein izango da UAE-Emirates taldeko burua Itzulian? Josean Fernandez Matxinek bakarrik daki erantzuna, baina Pogacarrek berak, eta beste guztiok espero genuena baino denbora gehiago galdu du. 28 segundo galdu ditu Tourreko garaileak, eta argi ikusi da Roglic gehiago izan dela Enekuriko jaitsieran, eman beharreko jaitsieran. 58 eta 60 hortzeko platerak mugitzeko garrote handia behar den tokian Roglicek gaitasun handia erakutsi du. Faboritoen artean txukun aritu dira Adam Yates, 28 segundora, eta Max Xakmann, 31ra. Hainbestean, txukun, Mikel Landa, 49 segundo galduta, eta oilar guztien okerren Ion Izagirre, 1.09 galdu baitu Roglicekiko. Ezustekoak gertatzeko moduko lasterketa da Itzulia, baina minutu pasako atzerapen horrek oso maldan gora jarri du Ormaiztegikoak txapela errepikatzea.
Roglic tropeleko aurrenetakoa izan da abiatzen oilarren artean. Akaso eguraldia edo haizearen indarra aztertuta egin dute hautu hori Jumbo Visma taldean, baina eguraldi baldintzak denentzat antzekoak izan dira, itxuraz. McNultyk bakarrik urduritu du Roglic, beste aurkari guztiak garaipeneko jokotik urrun egon baitira. Adam Yates sartu da, Xakmann, Carapaz, Fulgsang eta beste, eta denak minutu erdiaren bueltan, edo atzerapen handiagoarekin helmugaratu dira. Alex Aranburu izan da euskaldun onena, helmugan zortzigarren 30 segundora, baina Astanaren odol garbiko zaldia Ion Izagirre da, eta hark, gaur, ez du lan onik egin. Aspaldian egin duen bakarkako probarik kaskarrena izan da. Astana, baina mugitu egin beharko da, eta Astana bezala, beste talde guztiak. Roglicek, gaurko errentaz gain helmuga guztietan emango diren 10, 6 eta 4 segundoko gainsariak ere bere alde dituelako. Roglic da, zalantzarik gabe, txirrindulari azkarrena oilarren artean.
Astanak mugitu beharko du, Ineos-ek eta Borak bezala, baina Jumbok morroi onak ekarri ditu Euskal Herrira. Roglic liderra azken kilometroetan sartu arte ondo babestuta eramaten badute, komeriak izango dituzte esloveniar hegalaria lurreratzeko, belaunikaratzeko. Bihar da lehen aukera, eta komeni aukerak pasatzen ez uztea. Zallan hasi eta Sestaon bukatu, 154 kilometroko tartea osatu beharko du tropelak. Bidean, hirugarren mailako San Cosme eta Bezi, eta bigarren mailako La Asturiana. Bi zati dituen 7.5 kilometroko malda da, eta lehen hiruen batezbestekoa oso serioa: %9.1. Segida, honakoa: %8.3, %9.4 eta %9.6. %10a gainditzen duten pendizak, zenbaezinak. Bigarren zatia askoz etzanagoa da, eta gainetik helmugara 14 kilometro eskas daude. Sestaoko iritsiera ere gorantz izango da, onenen artean segundo batzuetako tartea egoteko aproposa.