Vueltako notak

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko aza. 9a, 16:00

10tik 0ra, 17 eguneko lasterketak eman duenaren analisia, noten bitartez.

10: Primoz Roglic: Gustatuko zaizu bere korritzeko modua edo ez, baina erregularrena eta onena izan da. Erlojupekoan irabazi ditu segundoak, baina mendate gogorretan bukatzen ziren etapetan ere bai, beraz txirrindulari konpletoena izan da esloveniarra. Tourrean izan zuen taldea baino zazpiko ahulagoarekin, gainera. La Covatillan liderrak berak bakarrik atera behar izan zituen babak eltzetik. Tourrean bigarren, bere bigarren Vuelta, lau etapa, Liejako garaile... Urteko txirrindulari onena, ezbairik gabe.

9: Hugh Carthy: Denboraldiak eman dituen ezustekoen harira, Education First-eko ingelesarena beste bat. Caja Rural taldean egon zenean inork ez zuen pentsatuko Carthy itzukli handi bateko podiumean egon zitekeenik. Berak ere aitortu zuen atzo, Madrilen. Top 10 bat bai, akaso Top 5 bat ere bai, baina podiumean eta maillot gorria, hain gertu edukitzea, ez zuela espero inolaz ere. Anglirun irabazi zuen, gainera. Historian txoko bat gordeko dio horrek betirako Prestongo zainzuriari.

8: David Gaudu: Bi etapa garaipen, eta a ze bi etapa: La Farrapona eta La Covatilla. Sailkapen nagusian zortzigarren, gainera. Garaipen horiek taldekideen lan bikainari esker etorri dira, batez ere Bruno Almirail-en lanari esker. Frantziako harri bitxi berria ote? Bere esku itzuli handietan zentratzea, edo etapa garaipenetan, Vuelta honetan egin duen bezala. Thibaut Pinoten adibidea ezagutzen du, itzuli handietako nagusia lehenesteak ze ondorio dakartzan. 

7: Richard Carapaz: Bai, baino ez. Esan nahi da, kontserbadoreegia izan ote den zalantza geratuko zaio betirako. Vuelta aztertzen duenean, eta Roglicek gainsariei esker irabazi diola konturatzen denean, jarrera erasokorragoa izan behar zuela pentsatuko du. Jakina, etxetik dena erraz ikusten da. Tourretik etorri da, azken aste bikaina eginda, eta sasoi puntu ona hilabete luzez mantentzea ez da batere erraza. INEOS-ek du, orain arazoa: oilar gehitxo eskortan: Egan Bernal, Carapaz, Tao...

6: Ion Izagirre: Lasterketa irakurtzen maisuak, bera eta Gorka anaia. Etapa bat irabazi zuen Formigalen, bigarrena lortu zuen ia-ia La Covatillan. Hiru itzuli handietan etapa garaipenen bat lortu duen klub selektoko kide da, dagoeneko, Izagirre anaien artean gazteena. Harrapazak / n.

5: Dan Martin zaharrarentzat. Etapa garaipen bat Lagunas de Neilan, eta 4. postua nagusian, nekez lortuko du postu hoberik hurrengo urteetan. Arnasa eman dio Israel taldeari, 2021ean Chris Froome-i lagundu beharko dio... edo Froome-ek berari...

4: Vueltaren ibilbidea: Askoren loreak jaso ditu, eta egia da etapa askotan borroka polita ikusi dela ihesaldiak harrapatzeko. Sortutakoak, maila handikoak. Nagusiko top 5a, baina, bi minuturen bueltan erabaki da, eta horrek frogatzen du gogortasun falta agerikoa dela. Jar ditzakezulako 17 mendate gogor, baina horiei kilometroak gehitu behar zaizkie. La Farrapona eta Anglirun, ustez Vueltako bi etapa gogorrenetan, oilarren arteko aldeak segundotakoak izan ziren. Stelvioko etapak izan behar du ispilu. Etapa hartan diferentziak ikaragarriak izan ziren, etapa 200 kilometrokoa zelako, eta benetako mendateekin. Bakarren batek esango du, Espainian ez dago halako mendaterik. Bai, badaude. Nahi bada, badaude, baina joera etapak laburtzearen aldekoa da... Ibilbidea aintzat hartuta, Giroa hiruiretan onena, inolako zalantzarik gabe.

3: Talde gonbidatuak: Distira gutxi erakutsi dute Burgos BH-k eta Caja Rural-ek. Presentzia, bai, ihesaldietan, baina etapa garaipenetako jokotik urrun, beti. Atzetik bultzaka datoz Kern Pharma bezalako proiektuak, muturreko handiak egon litezke 2021eko gonbidapenen borrokan, arauak aldatzen ez badira.

2: INEOS-ek gidatutako protesta, La Farraponako etapa hasieran, aurreko etapan komisarioek hiru segundoko atzerapena eman ziotelako Carapazi Roglicekiko. Ez hanka, ez buru.

1: Enric Mas: Txiririndulari ona da, baina nonbait, estimu handitan dauka bere burua. Hasieratik ikusi zen ez zela Vuelta irabazteko jokoan egongo, eta etapa menditsu batean denbora galtzen zuen aldiro barkamena eskatzen zuen publikoki, neurri egokirik eman ez zuelako, eta taldea bere mesedean barren hustu zelako. Neurri egokia akaso bosgarren sailkatzea dela ulertu behar luke... Gehitu horri Sanabriako etaparen ondoren bota zuena, 230 kilometroko etapak gehiegi direla, biharamonean berriro barkamena eskatzeko. Burua bere lekuan ez daukan ziklista...

0: Movistar taldea, Marc Soler eta lana egin duten ziklistak izan ezik. Tristeak benetan taldearen jarrera eta hainbat erabaki. Lana, ikaragarri. Uzta, urria, Solerrek Lekunberrin lortu zuen etapa izan ezik. Handira jokatu nahi, eta ezin. Askotan, gainera, eta etapa berean, taktika aldatu eta denak despistatu, baita taldeko txirrindulariak ere. La Covatillan gertatu zena epaitzea, zuen esku, irakurle. Ebidentzia ziur bakarra, hauxe: laugarren postua 53 segundora geratu zen Masentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak