Gorrian bukatu du Roglicek, gorriak ikusi eta gero

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko aza. 7a, 18:32

Carapaz-ek enbido latza bota dio esloveniarrari, eta lidergotik 12 segundora ere egon da, baina Jumbokoak espero ez zuen laguntza jaso eta garaipena libratu du; etapa Gaudurentzat izan da. 

Vueltako azken aurreko etapak eleberri luze bat idazteko moduko kontakizuna utzi digu, eta ez, preseski, espero genituen gauzak kontatzeko, edota soilik lasterketarekin zerikusia duten kontuak azaltzeko. Covatillako azken lau kilometroak emozioz, ziurgabetasunez, mugimendu arraroez, espero ez ziren mesede eta mendeku gosez eta beste hamaika bitxikeriaz zipriztindu dira. Etapa bukatuta ere, sare sozialetan sortiuako harrabotsak bizi-bizi jarraitzen du.

Kontakizuna: lau kilometro Vueltako azken mendatea, La Covatilla bukatzeko. Mugimendurik ez onenen tropelan. Carthyk sagarrondoa astindu duen arte. Kosta egin zaio Roglici ingelesarengana iristea, eta hori ikusita, Richard Carapazek jo du eraso bortitza. Hanka egin du, eta agerikoa izan da liderrak baino hanka hobeak zituela gaur. 8, 10, 12, 14 segundu, tartea gorantz, 45 segundoko helburua, eta 3 kilometro luze helmugarako. Roglicek ihesaldian sartu den Lennard Hofstede taldekidearen laguntza izan du 300-400 metroetan. Zenbat lagundu dion kalkulatzea zaila da, baina haizea zeukaten ziklistek aurka, eta 10 segundo igual bai. Ondoren Movistarren lanaz baliatu da Roglic. Nafarroako taldeak sailkapen nagusiko laugarren postua bilatu du Enric Masekin, Dan Martin atzean geratu dela ikusita, eta ihesaldian zihoan Marc Soler erabili irlandarra atzeratzeko. Movistar-eko bikotearen babesean egin du beste kilometro erdia, gutxienez, Roglicek. Puntu horretan gauza arraroak pentsatzen has gaitezke. Movistarrek bere helburuak defendatzeko tiratu duela esango du, Roglic euren gurpilean babestu izana ez dela euren kontua, baina bukaeran ikusi da Mas Martinengandik 53 segundora geratu dela laugarren postua lortzeko borrokan, eta noski, horrek susmoari atea zabaldu dio parez pare. Carapazek 33 segundoko tartea zeukalako azken kilometroko pankarta pasata, Roglicek Movistarren babesa jaso ondoren. Movistarreko bikoaren babesean joan gabe eutsiko al zion Roglicek? Azken mila metroetan 10 segundo jan dizkio liderrak Carapaz-i, eta horrek erakusten du, akaso, ekuadortarraren zuloa kontrolpean eduki duela uneoro Vueltako garaileak. Baina baina asko geratuko dira airean, eta ez ditugu jakingo inoiz.

Aurrez gertatutako guztiak ere zeresan ugari eman du. Batez ere, eta beste behin, Movistarren taktika arraro, bitxi, berezi, edo zergatik ez, ulertezinak. Espainiako Telebistan bada Cuarto Milenio izeneko telebista programa bat, aurkezleak aztertu beharreko taktika da, gaur, Movistarrek erakutsi duena. 30 lagunek osatu dute eguneko ihesaldia, eta tartean Movistar taldeko hiru lagun, Erbiti nafarra tartean. Bidea egin dute, 4 minutu, Jumboko Gesink tiratzen jarri den arte. Ondoren Movistar jarri da lanean tropel buruan, inork ulertu ez duen mugimendua. Marc Soler kataluniarrak jo duen arte. Aurrekoekin bat egin du, Erbitik lagunduta, baina La Covatillan gora hasterako pott egin du Solerrek.

Etapa lortzeko borrokan, mugimendu interesgarria egin dute Ion Izagirrek, Gino Maderrek eta Mark Donovan gazteak. Candelario herri politeko harbide estuan barrena 15 segundoko zuloa ireki dute beste 20 iheslagunekiko, eta pixkanaka zuloa egin dute, UAE eta David de la Cruz, eta Marc Soler batere argi ez direla aritu frogatzeko. UAEk eta Movistarrek lan itzela egin dute, euren liderrak ondo kokatzeko etapa jokatzen zenerako, baina batak zein besteak kale egin dute, nabarmen, eta euren taldeen taktika erabat alferreko egin. Groupama ere lo harrapatu du hirukotearen erasoak, baina Armiral morroiak fedea izan du David Gaudu nagusiarekin. Hustu den arte lanean jarraitu du, eta hirukotearen aldea 40 segundokoa zenean bakarrik joan da lasterketa buruaren bila Gaudu. Donovan harrapatu du aurrena, Mader gero, eta Ion Izagirre ondoren. Ormaiztegin ondo esaten duten bezala, 'harrapar y pasar' egin dio frantziarrak Izagirre anaietan gazteenari, eta lainoa desagertu denerako, bihurgune festan galdu da Gaudu La Covatillan.

Roglicek irabaziko du Vuelta bihar Madrilgo 140 kilometroko etapa zozoa bukatu ondoren. Carapaz 24 segundora bakarrik geratuko da, eta damu izango da La Covatillan lehenago ez erasotu izanaz, edota Roglicek hartu dituen gainsari pilloarekin. Carthyk beteko du podiumeko hirugarren koska, 47 segundora. Datu esanguratsu bat, denboraldi bitxi honi dagokionez. Hiru itzuli handiak segundo apur batzuetako tartearekin erabaki dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak