Movistarrek lan, beste edonork jan

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko aza. 6a, 18:13

Iturria: La Vuelta

Etapa Valverderekin irabazten saiatu da Nafarroako taldea, baina baldar aritu dira esprintaren prestakuntzan, eta Magnus Cort Nielsen nagusitu da, Roglicen aurretik; inor ez da mugitu oilarren artean.

Etapak badoaz, eta Roglicek sufritu gabe, edo ageriko sufrimendurik jasan gabe eusten dio lidergoari. Sufritu gabe, eta aurkariekiko aldea handituz, beste sei segundo irabazit baitiitu Ciudad Rodrigoko esprinta bigarren postuan bukatuta. Roglicek 48 segundo irabazi ditu gainsarietan orotara Vueltan, Carapaz baino 32 gehiago, eta Carthyk baino 28 gehiago. Magnus Cort Nielsen etapa garailearekin batera, esloveniarra izan da egunari zuku gehien atera diona. Gutxiena, berriro, Movistar. Euren taktikak ze helburu zeukan jakina zen, Valverderekin etapa irabazten saiatu. Azken mendatea pasata erritmo bizia jarri dute ihesean zihoazen Cavgna eta Stannard harrapatzeko. 8-10 segundora izan dituzte, baino ezinagatik, edo Cavagna ikaragarri ibili delako, ihes egin die Clermont-Ferrandeko TGVak, eta 20 kilometrotan nahi eta ezin ibili dira Deceuninq-ekoa harrapatzeko. Eskerrak Mitcheltonek errelebo batzuk eman dituen, Cavagna 2.5 kilometrora harrapatzeko.

Eta behin harrapatuta, ba bukaera kaskarra Movistarrek. Orden, talde egitura txukun baten falta erakutsi dute Valverderi esprinta bideratzeko. Rojas-ek azken kilometroan sartu behar zuen, baina kilometro eta erdira jarri behar izan du buruan Groupama taldeko txirrindulari baten erasoa ixteko, eta Valverde munduaren aurrean bakarrik geratu da 500 metrora. Istorioak nola jarraitzen duen jakina da: haizearen babesean etorri diren lauzpabost ziklistak jan egin dute Valverde, eta murtziarra aspaldi izan duen aukerarik onena errematatzetik urrun utzi. Magnus Cort Nielsen-ek aise gainditu du Valverde, baina baita Rui Costak eta Roglicek ere. Movistarrek lan, eta beste edonork jan, Vuelta honetako lelo ezaguna, dagoeneko.

Eta oilarren artean zer? Ba ezer ez. Eta ez Jumbok kontrol lan zorrotza egin duelako, INEOS-ek eta Carapazek indarrik ez dutelako baizik. Van Baarlek eta Amadorrek egin dute El Robledo, lehen mailako mendatearen igoera, baina Amadorren erritmoak ez du tropela hautsi, 40 lagunek eutsi diotelako buruan, eta Cavagnak eta Stannardek buruan eutsi buruari mendate bukaeran, aldapa minutu eta erdiko alde txikiarekin hasita ere. Carapaz mugitu ere ez da egin, eta biharko etaparen zain, ezinezkoa dirudi norbaitek Roglic menderatzea. Terrenoa badago, eta sobera, baina indarrik ez. INEOSek ihesaldian Van Baarle, Froome edota Amador sartuta ere, Jumbok daukan eskuadroiarekin aise kontrolatuko ditu urrutitik jotzen diren erasoak. Eta 45 segundoko margena dauka. Badaezpada, honatx menua: 178 kilometroko etapa, eta tartean sei mendate: hirugarren mailako hiru, bigarren mailako beste bat, lehen mailakoa, denetan lehena, lasterketa hausteko, eta bukaeram maila bereziko Covatilla, 11.7 kilometro %7.1eko batez bestekoa. Hara iritsi bitarte itxaroten badute, Vuelta Roglicena da. Eta bestela ere bai, gauzak normal. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak