Infernuan bada argi izpirik

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko aza. 5a, 18:52

Jasper Philippsen belgikarrak irabazi du esprintean, tropela asko zigortu duen etapa gogorrean; ihesaldi on-on bat helmugatik hiru kilometrora harrapatu du tropelak.

Ze ona den txirrindularitza zalea izatea... eta ze gogorra ziklista profesionala, gaurkoaren tamainako egunetan. Ia 7 ordu egin ditu tropelak bizikleta gainean, euria eta hotza azken zatian, eta aurrez aurreko haize indartsua etapa osoan, indarrez justu samar doazen protagonistak are gehiago desgastatzeko. Ihesaldi on bat egin da berriro, buruan: Luis Leon Sanchez, Alex Aranburu, Rui Costa, Cattaneo, Power, Wellens, Julien Simon... Bost minutuko zuloa ireki dute, baina esprinterren taldeek zirrikitu bat ikusi dute La Puebla de Sanabriako helmuga bihurrian. Ez Deceuninq-ek, Sam Bennett-ekin, baina bai Borak Ackermann-ekin, edota UAEk Philippsen-ekin. Gogor hasi dira tiratzen, eta pixkanaka pixkanaka segundoak eta minutuak jan 13ko taldeari. Hainbesterako, minutu azpitik eduki dituztela eguneko azken mendatea, Padornelo hasi aurretik.

Ihes zihoazenen artean festak hasi diren unea. Cattaneo izan da indartsuena, eta atzean utzi ditu iheskide guztiak. Tropelarekiko aldea ere handitu egin du, eta Padornelo gainean ia bi minutu zeramatzan. Helmugara 18 kilometro, zazpi beherantz, eta garaipena eskura, edo gertu, baina azken 11 kilometroetan aurrez aurreko haizea tropela bera baino aurkari gaiztoagoa izan da, eta amore eman behar izan du helmugara hiru kilometro pasatxo geratzen zirela. Esprintean Morkov, Bennetten bideratzailea, Ackerman Borakoa, eta Philippsen UAEko sartu dira. Belgikarra nagusitu da, eta helmugan ikustekoa izan da Josean Fernandez Matxin Basauriko bere kirol zuzendariarekin elkarri eman dioten besarakada. Itzuli handi batean etapa garaipen bat lortzea zenbat kostatzen den erakusten duen argazki ona. Matxinek esan duenez, Philippsen ezin hobe moldatzen da eguraldi busti eta hotzean, eta Sanabriako helmugetan, eta garaipen handia lortu du.

Oilarren artean mugimendurik ez. Ezta bukaera bihurrian ere, antolakuntzak denborak helmugatik hiru kilometrora hartuko zirela esan duelako, errepidean zegoen olio putzu baten ondorioz. Bakarren batek esango zuen, "bazen garaia infernu hau bukatzeko". Bihar gehiago, eta itxuraz, espero zena baino eguraldi hobexeagoarekin, euria arratseko 5ak aldera hastea espero baita Ciudad Rodrigo aldean, tropela helmugara iristear egongo denean. 162 kilometro ditu 16. etapak, eta bi mendate: bigarren mailako Portilllo (13 km. eta %4,4ko batez besteko desnibela) eta lehen mailako El Robledo (12 km. %3.8ko media). Gainetik helmugara 35 kilometro daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak