Indarrak adina balio du eskarmentuak, konfiantzak

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko aza. 4a, 17:56

Tim Wellensek bigarren etapa garaipena lortu du Ourensen, maila handiko ihesaldi bat errematatuta; maisuki jokatu du belgikarrak azken 29 kikometroetan.

Jornala bi gurpilen gainean ibiltzetik irabazi nahi duenak gauza asko behar ditu: indarra, pazientzia, eskarmentua, konfiantza... Horiek eraginkorren uztartzen asmatzen duenak zabalago edukitzen du irekita arrakastarako atea. Halakorik lortzea, baina, zaila da, eta horregatik daude hain txirrindulari on-on gutxi. Tim Wellens horietako bat. Eguneko ihesaldian sartzen asmatu zuen, aurrena, hori lortzeko bidean Vueltako etapa garestienetakoa izango zela jakitun, bidea egin zuen saiakera baino lehen beste hamaika ahalegin antzu egongo zirela onartuta. Sei iheslagunekin martxa onean egin du bidea gero, eta helmugara iritsiko zirela ziurtatu ostean hasi da bere plan perfektua.

Helmuga aurreko mendatean Marc Soler-i utzi dio Rusty Woods-en erasoa ixteko ardura. Wellens 20-30 metrora mantendu da, atzetik, zelatari beti. Mendate jaitsieran arnasa hartu du, baina Stybarrek eta Solerrek 100 metroko zuloa ireki dutenean Van Baarleri aurrea hartu, jaisten arriskuak hartu eta kilometroko ordekan bat egin du lasterketa buruarekin. 10 kilometrotan errelebo sendoak eman ditu, baina nahikoak ez, atzean geratuak ziren Woods, Arensman eta Van Baarle burura iritsi baitira berriz. Woods-ek hartu du aginte makila, kontrol lana, faboritoa zelakoan, baina Wellens-ek pazientzia, eskarmentu handia erakutsi du, eta une erabakigarrian hartu dio aurrea kanadarrari, helmugatik 400 bat metrora. Hortzak estutu eta egurra, indarra, konfiantza. Woods bere parean jarri da 150 metrora, eta bazirudien Wellens aurreratu egingo zuela. Wellens-ek, baina, bazekien helmuga ezkerrerantz egiten zuen bihurgune itxi baten ondoren zegoela, eta ezker ertzaren ondoan mantendu da beti, korrikalari azkarrak pistan bezala, Woods-i ahalegin handiagoa egitera behartuz. Ez du lortu, Education First taldekoak, eta Wellens-ek maisuki bereganatu du bere bigarren etapa.

Sailkapen nagusikoentzat nahiko egun lasaia izan da, kilometro gehienak aldeko haizea lagun zela egin dituztelako, eta tropeletik tiratzeko ardura Astanak, Borak eta Direct Energiek hartu dutelako. Egun perfektua, beraz, Jumbo Visma Roglicen taldearentzat, apenas gastatu baitituzte indarrak gaur. Beharko dituzte bihar, Mos eta La Puebla de Sanabria arteko etapan. Pontevedratik atera eta Zamoran bukatu, 235 kilometroko jardunaldi nekosoa gogoan. 4.000 metroko desnibel positiboa du etapak, eta bost mendate puntuagarri, azken kilometro bihurriaz gain. Erne eguraldiari, euria eta hotza espero baita etapako azken zatian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak