Ezarok azken aste irekia utzi du

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko aza. 3a, 18:32

Roglicek irabazi du erlojupekoa, eta lidergoa eskuratu, baina txukun aritu dira Carapaz eta Carthy, eta lanak ematekotan dira esloveniarrari hurrengo egunetan; 39 segundora dago Carapaz, 47ra Carthy

Intentsoa izan da oso Ezaroko erlojupekoa, tarteko erreferentziek zer pentsatua eman dutelako. Alegia, lehen erdian Carthy espero baino askoz hobeto aritu da, Roglicen denbora bertsuetan, eta Carapaz ere ez zebilen urrun, dozena bat segundoko atzerapena baino ez. Bigarren zatian panorama asko aldatuko ote zen ikuskizun, eta aldatu dira, Roglicen onerako batez ere. Esloveniarrak estutu egin du, eta Carthy eta Carapaz sufritzen hasi dira, segundoak galtzen kilometroak pasa ahala. 1.800 metroko azken aldapa hasterako minutu erdi pasatxora zegoen ekuadortarra, errenta erdira ingelesa, baina Roglicek handitu egin du biekiko zeukan zuloa. Zer esan nahi du horrek? Indarrak gorde dituela azken aldaparako, Tourrean Les Planches des Belles Filles-en gertatu zitzaiona errepikatu ez zedin. Carapaz eta Carthyren kasuan, aldiz, litekeena da muga samarrean iritsi izana azken maldara, ordekan gehiegi eman diotelako pedalei.

Lau etapen faltan Vuelta guztiz irekia geratzen da, ezin kontrakorik esan. Carapaz 39 segundora dago, eta Hugh Carthy 47ra. Zaila da, dagoeneko, Dan Martin eta Enric Mas garaipeneko jokoan sartzea. Batez ere Movistar taldeko mallorcarraren kasuan, 3.23ko atzerapena baitu, jada, nahiko erlojupeko kaskarra egin ondoren. Dan Martinek ere lantegi zaila dauka Carthy eta Carapazekin, podiumeko koska bat lapurtzeko, baina ezin da baztertu bere hautagaitza. Minutu batera ditu biak. Carthyk 47 segundoko atzerapena du Roglic liderrarekiko. Anglirun eta gaurko erlojupeko txukunarekin hazita ibiliko da konfiantzaz, baina analisi orokorra eginda, liderra bera baino gehiago izan da maldan gora. Eta balantzan Carapaz jarriko bagenu, borroka nuloa izango litzake. Biak parean leudeke, Carapazek Formigalen eta Anglirun irabazitakoa, Roglicek Arraten, Moncalvillon eta Suances-en irabazitakoarekin alderatuko bagenu. 39 segundo zer dira? Asko? Gutxi? Liderrak eta bere taldeak tenplea galdu gabe jokatzeko errenta nahikoa. INEOS, Movistar edota Education First-en xake partida espero dute, dugu askok, urruneko erasoak eta zubi lana euren liderrentzat, baina Jumbok denek baino pieza gehiago eta hobeak ditu liderra babesteko, eta haiek haustea zaila izanen da oso.

Bihar azken asteko lau etapetan lehena, ziur aski erosoena, desnibel metatu gutxiena duena. Baina Galizia da, terreno zaila. Lugon hasi eta Ourensen bukatu, 204 kilometro luze, hirugarren mailako hiru mendate eta beste mila malda, Jumbo zigortzen hasteko. Azken kilometroak ere goranzko joera du, %2-3ko malda, baina hor Roglic ondoan dituen oilarrak baino indartsuagoa da... 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak