Mendia bai, ugari; indarrak...

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko urr. 31a, 17:54

Etapa kaskarra izan da, oilarrak ez direlako mugitu, eta ihesaldiko lagunek garaipena lortzeko probestu dute egoera; Gaudu frantziarra nagusi La Farraponan

Kirol diziplina askotan ohikoa da izen baten, egoera baten hutsunea baliatu, eta No Party ingelesezko hitza gehitzea, esaldia sortzeko. Vueltaz ari garela, No Strength, No Party esaldiarekin laburtu genezake itzuliko etapa gogorrenean gertatutakoa. Lau mendate gogor jarri ditu antolakuntzak, baina borrokarik ez da egon oilarren artean. Izan liteke faboritoek bihar igoko den Angliruren beldur izatea, indarrak gorde nahi izatea, oso mendate tentea delako, baina gaurkoan ez dute ahaleginik txikiena ere egin. Ez Colladonan, ez La Cobertorian, ez San Lorenzon, eta ezta La Farraponan ere. Jumbok kontrol handia ezarri du buruan, sei lagun ia beti, eta INEOS aldiz justuago aritu da, hiru edo lau lagunekin. Herbeheretakoen zaintza zorrotza haustea zaila da, eta Top 10ean daudenen artetik inor ez da ausartu. Beno, bai, bat.

Marc Soler, Movistar taldekoa. Taktika txukuna burutu dute Movistar taldekoek. Ihesaldian morroiren bat sartu, Nelson Oliveira, eta Cobertoria hasieran Soler-ek jo du. Ihes egiten utzi dio Jumbok, kataluniarra ia lau minutura dagoelako sailkapen nagusian. Aurreko zazpikotearekin bat egin du azkar Solerrek, eta bidea egin dute. Beti bi minutu eta erdi eta hiru minutuko errentarekin. Jumbok bizi eraman du tropela, baina ez iheskideak harrapatzeko asmoz, Roglic ez, Carapaz delako segunduak irabazi behar dituena. La Farraponak kilometroz kilometro, maldaz malda egin du galbahea, eta Marc Soler eta Davic Gaudu geratu dira buruan lau kilometroren faltan. Somiedoko mendatetzarreko bihurgune itxietan begi bistan eduki dute tropela uneoro, eta euren artean erabaki da garaipena. David Gaudu izan da indartsuena, bere kirol ibilbide laburreko lehen garaipena. Bota duen oihuarekin Somiedoko hartz kumeak ere esnatu ditu, Gauduk. Oilarren artean, esandakoa, Vlasoven eraso antzua, eta alderik ez Dan Martin, Carapaz, Roglic liderra eta Hugh Carthyren artean. Festak nahi dituenak biharko etapa ikusi beharko du...

Bihar Pola de Laviana-Angliru etapa korrituko da. 109 kilometro, baina bukaera igoera historiko eta mitikoak utzi dituen Angliru hormatzarrean. Aurrez hirugarren mailako Padrun eta San Emiliano, eta lehen mailako Mozqueta eta Cordal igoko dira. Bukaeran Angliru, zenbakiekin atzera botatzen zaituen mendatea: 13 kilometro eta %10eko batez besteko malda, eta azken zazpi kilometroetan, media %13a. Mortirolo txiki geratzen da behinola ardibide zen pista horretan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak