Roglic beldurra ematen hasi da

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko urr. 30a, 18:32

Suances-en erakustaldia eman du esloveniarrak, etapa irabazi eta lidergoa berreskuratu gainsariei esker.

Etapa ikusgarria berriro Vueltako 10., Kantabriako lurretan korritutakoa. 43.3 kilometro ordukoa izan da batez besteko abiadura, 2.100 metroko desnibela gainditzen zuen etapan, eta helmugako iritsiera bihurriak tentsio ikaragarria sortu du tropel buruan, kokapen ona bilatu eta ezustekoak saiheste aldera. Tropelak, gainera lan handia egin behar izan du ihesaldia harrapatzeko, ziur aski denbora gehiegi hartzen utzi diolako abenturara jo duen laukoteari. Tartean zen Jonathan Lastra, Caja Rural-eko bizkaitarra. 30. kilometroa osatzerako hamabi minutuko aldea zuten, etapa aurrekoen artean erabaki zitekeela pentsatzeko moduko errenta handia. Baina etapa garaipen bat sari gozoa da itzuli handi batean, eta Deceuninq, Mitchelton eta Astana lanean jarri dira Stybar eta Cavagna, Dion Smith eta Alex Aranbururentzat, hurrenez hurren. 

Azkar murriztu dute zuloa, bederatzi minutura, eta ondoren etengabe, segundoak eta minutuak, laukotea helmugatik 20 kilometro eskasera harrapatzeko. Abiadura hartua zeukan ordurako tropelak, eta ez da murriztu, besteak beste Remy Cavagna Clermont Ferrand-eko TGVak eraso gogorra jo duelako. Tropelari desafioa bota dio, baina apenas izan du 8-10 segundoko tartea, eta INEOS taldeko Andrei Amadorrek itzularazi du artaldera, Carapaz liderraren kokapen ona lortzeko lanean ari zela. Azken kilometroan Guillaume Martin-ek jo du, Bagioli hurbildu da ondoren, baina Primoz Roglicek erraztasun handiarekin gainditu ditu denak azken 200 metrotan, eta 10-15 metroko alde erosoarekin helmugaratu da, garaipena ospatzeko. Carapaz atzeratu egin da apur bat azken maldan, hiru segundo galdu, eta maillot gorria eman behar izan dio etapa garaileari. Aranburu ezkiotarra laugarren postuan helmugaratu da. 

Bihar Asturiasko mendien txanda iritsiko da. Vueltako bi etapa gogorrenak, zalantzarik gabe, larunbat eta igandean. Biharkoak 170 kilometro ditu, Villaviciosan hasi eta La Farraponan bukatu. Hirugarren mailako mendate bat igo beharko dute hasi eta berehala, eta ondoren lehen mailako beste lau errenkadan: Colladona, Cobertoria, San Lorenzo eta Farrapona bera, 1.708 metrora eta Leongo mugan dagoeneko. Roglic eta Carapazen arteko demaren atal berri bat, ekuadortarrak erasora jotzeko beharra baitu, hurrengo astearteko erlojupeko luzea gogoan. Urrunetik Jumbo urduritzeko ihesaldi bat bilatzeko egun aproposa ere bada, batez ere Movistar taldearen eskutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak