Uso pasa garaian, etapa ehiztariak

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko urr. 24a, 19:49
Argazkia: La Vuelta

Tim Wellens nagusitu da Sabiñanigon, ihesaldia errematatuta; sailkapen nagusian aldaketarik ez.

Askok zuten markatuta bosgarren etapa ixa batekin: ihesaldia iritsiko zen lehena. Omar Fraile ehiztariak esana, Huescan etapa hasi aurretik, eta hala izan da. Fraile bera sartu da lehen bi ordutan ihes egiten saiatu den ihesaldian, baina talde batzuk ez dute ordezkaririk sartu. Caja Rural eta Education First taldeek, hain zuzen ere, eta jazarpen lana egin dute berriz sortuko zen ihesaldian kideren bat sartzeko. Sortu baita, eta beste dozena bat lagun berriz. Ezusteko bat tartean: Sepp Kuss. Ziklista arriskutsua, Jumbokoa, baina aukera baliatu ez duena, edo ez bakiatzeko esan diotena, autotik, Movistar edo Ineos taldeak estutzeko. Hiru lagunek egin dute aurrera: Wellens, Guillaume Martin eta Thymen Arensman herbeheretar gaztea.

Hiru minutuko errenta lortu du hirukoteak, eta Vio eta Fanlo gainetan inor ez da jazarpen lanean jarri tropelean. Azken 50 kilometroetan sartuta Direct Energie taldeko Romain Sicard hazparnetarra hasi da tiraka, Julien Simon taldekidearentzat esprinta bilatuz, baina jarri denerako berandu zen, eta etapa aurreko hiruren artean erabaki da. Wellens zen ehiztari trebeena, eta aurreikuspenak bete ditu. Arensmanen lehen erritmo aldaketari eutsi dio eta gero erraz menderatu du Guillaume Martin. Oilarren helmugaratzean erorketa bat gertatu da helmugatik 400 metrora, eta segundo batzuetako zuloa ireki da onenen artean. Ikuskizun epaileek ze erabaki hartuko duten, denborak neurtzerakoan, erorketa azken hiru kilometroen barruan izan baita.

Bihar Formigalgo eski estazioan bukatuko da etapa. Ez da Tourmalet, baina 1.800 metrora iritsiko dira, eta euria eta hotza espero da. 146 kilometro Biescas eta Formigal artean, eta tartean hiru mendate: Pedralba, hirugarren mailakoa, Cotefablo bigarren mailakoa, eta Formigal lehen mailakoa. Azken sei kilometroak %8ko batez besteko malda dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak