Eskerrak Giroa aspergarria den!!! Inoizko bukaera estuena, bihar!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko urr. 24a, 19:47

Argazkia: Eitb.eus

Tao Geogeghan Hart-ek irabazi du Sestrieres-en, Jai Hindley esprintean menderatuta, eta denbora berarekin daude sailkapen nagusian; Milango 15 kilometroko erlojupekoa, epaile.

Giroa da egutegiko GT edo lasterketa handi onena. Etapa askoren ikusgarritasunak, Stelviokoa diziplina honetako historian gordeko dela betirako, eta sailkapen nagusiko emozioa beste inon ematen ez diren osagaiak dira. Ze bakarren batek esango du, begira Pogacar Roglicekin azken aurreko erlojupekoan. Orduan 54 segundoko aldea zeukan Jumbokoak. Bihar, Milanen, eta 3.500 kilometro pasa egin ondoren, Jai Hindley da maglia arrosa, eta Tao bigarren, baina denbora berean. Ez dago segundo bakar bat bera euren artean. Ze itzuli handitan ikusten da hori? Eta arriskatuz? Ze astebeteko itzulitan? Zer esango dute gaur Giroa, ere, aspergarria dela diotenek?

Hindleyk eta Taok sekulako ikuskizuna eman dute Sestrieres-en gora, Andazarrate edo Lizarrusti baino askoz gogorragoa ez den mendian. Aurrez, erakustaldia, eta batzuk emanda ditu dagoeneko, Rohan Dennis INEOSko ziklistarena. Taoren mesedean aritu izan behar ez balu, berea zen etapa, hiruretan indartsuena izan baita. Baina Taori lagundu behar izan dio, eta Taok gaur bai, gaur neurria eman du. Osoago iritsi da azken zuzengunera, lanik egin gabe Laghi di Cancanon egin zuen bezala, eta Hindleyk ezin izan du bere bigarren etapa irabazi. Saiatu da australiarra Tao atzean uzten. Datuek diote Tao zertxobait hobeagoa dela erlojupekoan, eta Keldermann liderra Giroa irabazteko jokotik kanpo geratu ondoren Hindleyk dozena erdi erritmo aldaketa egin dizkio Taori. Ingelesak, baina eutsi egin dio, pare batean amore ematear. %7ko maldak gutxigi izan dira Tao atzean uzteko. Hori edo Hindleyk ez duela nahi beste erregairik eduki hanka zuztarretan, INEOS taldekoa atzeratzeko.

Taok aurrerapauso handia eman du Giroa irabazteko, baina ikuskizun aurreikuspenak beteko dituen bihar. Aintzat hartu behar da itzuli handietako da azken egunetako erlojupekoetan indarrak balio duela, espezialista izan baino, eta alor horretan Hindley indarrez hobexeago iritsi dela dirudi. Podiumeko hirugarren koska Keldermannnetzat izango da, gaurkoan ere larri ibilita ere, eta Pello Bilbaok gertutik zaindu beharko du Joao Ameida portugaldarra, sailkapeneko laugarren postua ez galtzeko. Gernikarrak 23 segundoko aldea kentzen dio, Almeidak etapa bikaina egin ondoren.

Biharko etapa 15.7 kilometroko erlojupekoa da, erabat laua, eta zailtasun teknikorik ez duena. 17-18 minutuko lana, eta 55 kilometro orduko batez besteko abiadura. Hindley edo Tao? Asmatzen duenak aberats!!!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak