Sam Bennettek egin du haize-babesa

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko urr. 23a, 18:54

Irlandarrak bere onena eman behar izan du Ejea de los Caballeroseko esprinta irabazteko; haizeak ez du etenik eragin tropel nagusian.

Haize-babes beldurra zegoen goizean Soria hotzean, baina Ebro ibaiko soro eta belaze bukaezinak lasai antzean zeuden gaur. Egon da uneren bat, non tentsioa agerikoa izan den tropelean, posizio egokia bilatu eta ezustekorik ez jasateko, baina azkenean tropel nagusia ez da hautsi. Horrek etapak bilakaera arrunta izatea eragin du: tropelak onartutako ihesaldia, diferentzia kontrolatzeko ahalegina BORA eta Deceuninq taldeen eskutik, ehiza lana azken 40 kilometroetan eta esprinta. Berezia izan da bukaera, bihurgunez josia, baina Bennett-en wolfpack edo otsoen taldea bikain aritu da berriro. Azken hiru kilometroetan azaldu dira tropel buruan, azaldu behar zutenean. Remy Cavagnak eta Morkovek lan bikaina egin dute, baina esprinta ez da ba, tren perfektua izan. Trek-eko Jasper Philippsen-ek Bennettek baino hobe hartu du azken bihurgunea, eta lauzpabost metroko aldea ireki du irlandarrekiko. Eta helmugara 300 metro baino ez. Bennett-ek tranka guztia sartu eta ahalegin handia egin behar izan du Philippsenen gurpila hartzeko, aurrena, eta gero belgikarra menderatzeko. Helikopterotik hartutako irudien errepikapenean ezin hobe ikusten da Bennett-en azelerazio ikusgarria.

Bihar bosgarren etapa jokatuko da, Huesca-Sabiñanigo, eta anglosaxoien hizkuntzan dagoeneko hitz oso erabilia bilakatu dena: tricky. Alegia, bihurria, gaiztoa, ezustekoak eman ditzakeena. Etapak 185 kilometro ditu, eta azken herenean hiru mendate: hirugarren mailako Fanlo, Ordesa eta Monte Perdido Parke Nazionalen barruan, eta bigarren mailako Vio eta Petralba. Gainetik helmugara 18 kilometro eskas, asko jaitsieran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak