Protestak, iskanbila eta greba isila

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko urr. 23a, 17:41

19. etapak zeresan handiagoa eman du errepidetik kanpo, errepidean baino; ziklistek etapa laburtzeko eskatu dute eguraldi txarragatik, eta Josef Cernyk irabazi du etapa motza, tropelaren baimenarekin.

Hotz eta euritsu esnatu da eguna Morbegnon, Alpeen magalean, baina giroa, anbientea azkar berotu da tropelean. Ziklista batzuk planto egin eta etapa laburtzeko eskaera egin diote Mauro Vegni Giroko zuzendariari, azken hiru egunetan neke handia pilatu dutelako, eta 251 kilometroko etapa luzea euripean egitea gehitxo zela, euren sistema inmunologikoa nabarmen kaltetu zitekeelako COVID-19 garaian. Iskanbila handi samarra izan omen da, errebolta ziklista eta talde jakin batzuk gidatu baitute, txirrindulariek dituzten sindikatuen gidaritzarik gabe. Beste talde batzuk etapa osoa korritu nahi zuten, Giroa gaur 10 hilabete aurkeztu eta denek zer zegoen bazekitela argudiatuz. Azkenean 120 kilometroko etapa jokatu da, baina zauria egina zegoen ordurako. Talde ahulenak protestan, luzimendurako tarte txikiagoa zutelako. INEOS ere bai, biharko etapa menditsuari begira gaurko 7 orduko zigorra lagungarria gertatuko zitzaiolakoan. Arnaud Demare bera ere etapa moztearen aurka agertu da, eta argudio sinesgarria erabili: "Niri ere ez zitzaidan batere gustatu Stelvioko etapa, baina osatu nuen".

Ondorioa? Groupamak etapa ez lehiatzea erabaki du, tropelaren atzealdean geratu dira lasai-lasai, Demare etapa irabazteko hautagai nagusia izanda ere. Ihesaldi handi bat osatu da, 18 lagunekoa, eta talde askok lortu dute ordezkaritza buruan. BORA-Hansgrohe azkar jarri da lanean, Peter Saganen mesedean, baina morroi guztiak Milanera iristeko desiatzen daude, dagoeneko. Indar apurrik ez dute, eta jazarpena erabat antzua izan da. Aurrekoen borrokan Josef Cerny txekiarra izan da indartsuena, edo bizkorrena, une aproposean erasoa jo, bakarrik hanka egin, eta CCC taldearen agurra ederrestuz. Gogoan izan Poloniako taldeak ez duela tropelean jarraituko 2021 denboraldian. Tropelak etapa zikloturismo proba bat bailitzan osatu du, eta 11 minutura helmugaratu da.

Bihar 20. etapa jokatuko da, mendiko azkena, baina originala baino askoz samurragoa. Agnello, Izoard eta Montgenevre kendu dituzte, eta helmugako Sestriere mantendu. Hiru aldiz igoko du tropelak Sestriere. Berez mendate etzana da, 11 kilometro eta %6ko batez besteko pendiza, baina jendea muga-mugan doa, eta ezustekoren bat gerta liteke. Putzu horretan sartu eta etekina ateratzen saiatuko da Pello Bilbao. Gernikarrak minutu batera du podiuma, eta igandeko 15 kilometroko erlojupekoan aukerarik ez duela jakitun, bihar saiatu beharko luke azken uneraino.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak