Atzoko atsekabe guztiak aitaren batean desagertu dira gaurko etapan, Stelviok inoiz ez duelako huts egiten. Mendate mitikoa da, historikoa, izen handikoa. Han sortzen dira legendak, itzali mitoak, hauspotu balentriak, eta gaur ele hala izan da. 25 kilometroko aldapa tentean txikitu da mila zatitan tropela, eta amore eman dute ia denek. Sunweb-ek arriskatu egin du, eta apustua nahiko ondo atera zaio, etapa irabazi duelako Ian Hindleyrekin, eta maglia arrosa eskuratu Wilco Keldemann-ekin. Ziur aski errenta handixeagoa nahiko zuten INEOSko Tao Geogeghan Hart-ekiko, baina britainiarrek ere etapa itzela egin dute, Tao eta Rohan Dennisekin. Giroa, larunbateko etapa kamustuta ere, guztiz irekia dago bukatu baino hiru egun lehenago, eta horrek emozio handia emango dio probari. Keldermannek 12 segundoko aldea ateratzen dio Hindley taldekideari, 15 Taori, eta 1.19 Pello Bilbaori. Etapa handia egin du gernikarrak, atzetik aurrera, eta beste mendateren bat egon izan balitz aurrekoak harrapatuko zituen. Orain penaz esango dugu lastima dela Agnello ibilbidetik kendu izana, baina jendea muga-mugan doa, eta Bahrein taldeko bizkaitarra saiatuko da aurretik duen norbait atzeratu eta podiuma lortzen. Sekulako kirol lorpena litzateke, Tourra korritu ondoren.
Espero bezala, dena Stelvion erabaki da. Nico Denz eta Chad Haga Sunwebekoek bizi eraman dute tropela, eta ondoren Sam Oomenek sekulako txikizioa egin du. Pozzovivo geratu da aurrena, Majka gero, Almeida ere sufritzen, Nibali, Pello Bilbao... Triskantza ikaragarria. INEOSko Rohan Dennis eta Tao, eta Sunwebeko Hindley eta Keldermann geratu dira buruan, herbeheretarra komeriak pasatzen hasi den arte. Hazi egin da orduan Dennis, eta Stelvio gaineko paraje zoragarriekin gozatzeko tarterik hartu gabe Bormio aldera abiatu da hirukoa ziztu bizian. Laghi di Cancano azken igoeraren aurretik bost bat kilometroko ordeka zegoen, eta tarte horretan Dennisek lan bikaina egin du Keldermann 1.30era urruntzeko. Maldan gora hasita, Teok eraman du ardura guztia, Hindleyk Keldermann atzetik zuelako, eta hura ere lasterketan mantentzea logikoa zen neurrian. Ez du txanda bakar bat eman, eta azken 100 metroetan etapa irabazi du Taoren aurretik. Pello Bilbao 45 segundora helmugaratu da, bikain, eta handik aurrera errosario latza. Datu bat, ulertze aldera: Almeida liderrak eta Nibalik bost minutu galdu dituzte helmugan. Kronika hau irakurtzerako zenbaitzu iristeko izanen dira oraindik.
Bihar 251 kilometroko etapa lau luzea korrituko da, beste zigor bat justu doan tropelarentzat, eta etzi mendiko azken etapa. Itxuraz Sestrieres-etik hiru aldiz pasata. Sestriere-ek izena du, maldak baino gehiago, baina sailkapen nagusian dauden tarte txikiekin mugimendua egon, egongo da. Gaur hartutako betekadarekin, dena den, konforme gaude zale asko.