Arriskurik gabe ez dago uztarik

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko urr. 21a, 18:49

Etapa etsigarria izan da Dolomitetako bakarra, oilarrak ez baitira apenas mugitu; Ben O'Connor-ek irabazi du etapa, Madonna di Campiglion.

"Erokeria beti gauza berak egitea da, emaitza ezberdinak lortu nahi direnean. Emaitza ezberdinak nahi badituzu, ez ezazu beti gauza bera egin". Albert Einstein-ek esandako esaldi ezagunenetako bat da, baina esan liteke Joao Almeidari maglia arrosa kendu nahi dietenek ez dutela Einstein sobera irakurri. Demagun Keldermann eta Sunweb, Nibali eta Trek, Bora eta Majka-Konrad bikotea... NTT eta INEOS taldeak salbuetsiko ditugu, etapa garaipena lortzea lehenetsi dutelako. NTTren kasuan, gainera, hautu arrakastatsua izan da, INEOS-en kasuan ez hainbeste. Sunweb, Trek eta Bora ez dira mugitu, besteek kale egin zain geratu dira, eta hori, normalean formula txarra izaten da. Arriskatzen ez duenak ez baitu uztarik jasotzen. Beste egun bat pasa du Almeidak, eta larunbateko etapa gogorra kolokan dagoela, biharkoa bakarrik geratzen zaie Keldermann, Nibali eta besteei portugaldarra bere aldaretik jaitsarazteko. Taktika erabat aldatu beharko dute bihar. Akaso gaurko bukaera Almeidarentzat aproposa zela esango dute, alferrikakoa zela liderra nekatzea, baina aurretik igo duten Bondore Giroko mendate gogorrenetakoa zen, mina egiteko ezin hobea. Bihar izan beharko du, Stelvion.

Hamaikagarrenez, ihesaldian erabaki da garaipena. Deceuninq-i komeni zaio, gainsariak sailkapeneko onenek ez poltsikoratzeko, eta bidea egiten uzten die. Madonna di Campigliora bidean, 20 laguneko beste bat baimendu dute. Eta berriro zaldi onak. Tamainako etapa gogorretan eta itzuli handi bateko hirugarren astean gaia eduki behar baita hanka zuztarretan ihesaldia harrapatzeko. Zakarin sartu da, De Gendt, Guerreiro, Ben O'Connor, Meintjes, Rohan Dennis, Persteiner... 8 minutu lortu dituzte, eta euren artean erabaki da garaipena, eta borroka horretan igotzaile peto bat izan da onena, O'Connor australiarra. Atzo Tratnik-en aurka lortu ezin izan zuena gaur lortu du 24 urteko gazteak. Onenen tropelean Sunweb-ek mugimendu bat egin du Hindleyrekin, baina Keldermann bere gurpilera irten denean zapuztu du, Almeida eta beste guztiak eraman baititu Hindleyrenganaino. Mugimendu bat, ez gehiago. Trek-ek ezer ez. Bora-k ezer ez. Etsigarria.

Bihar dena erabaki beharko lukeen etapa korrituko da, larunbatean Agnello igotzen ez bada egun horretako etapa erabat kamutsa izango baita. Bihar, Alpeetan, Stelvio mamutzarra: 2.758 metro, Austria aldetik, eta 25 kilometroko igoera bukaezina. Pinzolon hasi Cancano aintziran bukatu, 207 kilometro, eta Stelvioz gain beste hiru mendate: bigarren mailako Campo Carlo Magno, eta lehen mailako Passo Castrin gaiztoa eta Laghi di Cancani. Kale edo bale eguna. Egurra! 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak