Barealdia, erauntsiaren aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko urr. 20a, 17:20

Jan Tratnik helmugaratzen. Argazkia: Giro d'Italia.

Jan Tratnik-ek 28 laguneko ihesaldia errematatu du; tropelak lasai egin du etapa, bihar eta etziko etapa gogorren beldur.

Beldurra, errespetua sortzen dute Dolomitek, Alpeek. Eta tropela nahiko justu doa dagoeneko. Ezinbesteko osagaiak izan dira 16. etapan ihesaldiak arrakasta izan zezan. Ziklista denek zekiten ihesaldia helmugara iritsiko zela, eta noski, mundu guztia saiatu da aurrera egingo zuena hartzen. Sartu direnak, asko, 28 denera, eta tropelaren baimena berehalakoa. Deceuninq-ek ez du jazarpenerako gogorik batere erakutsi, etapa bukaera Almeida liderrarentzat aproposa izanda ere, eta beste guztiek artaldearen babesa bilatu dute. Iheskideen multzo potoloak azkar lortu du 8-9 minutuko zuloa, eta ordutik aurrera euren arteko zaintza hasi da, garaipena euren artean erabakiko zela jakitun. Jan Tratnik eta Manuele Boaro izan dira hanka egin duten lehenak, eta errenta polita lortu, minutu ingurukoa. Tratnik-ek, indartsu, atzean utzi du Boaro, eta garaipena eskuetan zeukala sinesten hasia zenean atzetik ziztu bizian etorri da Ben O'Connor, Pozzovivoren ezkutari fidela. Elkarrekin egin dituzte biek azken 12 kilometroak. O'Connor igotzaileago, Tratnik erlojupekoan iaioagoa, baina muino piko eta motzak azkar igotzen abila. Eta hala izan da azken 800 metroetan. %20ko tartea 100 metrotan, hortxe utzi du atzean Tratnik esloveniarrak O'Connor, eta lasai ospatu bere kirol ibilbideko garaipen distiratsuena.

Tropela ordu laurdenera helmugaratu da, eta Joao Almeidak segundo pare bat irabazi ditu azken aldapan erritmoa bizituta. Errentari baino, keinuari erreparatu behar zaio. Alegia, maglia arrosak aurkariei helarazi nahi izan dien mezuari. Indartsu dagoela esan nahi izan die, eta berari maglia arrosa kentzea kosta egingo zaiela. Sunweb eta Keldermann ez dira sobera urduritu, hurrengo egunetan portugaldarra nekatu eta gurpiletik askatzeko nahikoa malda izango dutela jakitun.

Biharkoa, Dolomitetako etapa bakarra, baina gogorra: 203 kilometro Bassano del Grappa eta Madonna di Campiglio herri ikusgarriraino. Bidean lehen mailako hiru mendate, eta hirugarren mailako beste bat. 5.000 metroko desnibel positiboa eta 70 kilometro pasa aldapa gora. Forcella Vallbona igoko dute aurrena, 20 kilometro luze eta %6.6ko batez besteko malda. Monte Bondone ezaguna ondoren, beste 20 kilometro eta ia %7ko desnibela. Madonna-ko ailegaera ez da zail-zaila, 11 kilometro %6ra, baina aurreko bi mendateetan mugimendurik egoten bada, tropela txikituta irits liteke. Sunweb-ek dauka giltza. Euren erritmora egingo du dantza tropelak, haiek zer erabakitzen duten ikusi ostean argituko dira gauza asko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak