Vueltako atarikoa: asmatzen duenak, aberats

Argazkia: La Vuelta

Bihar hasiko da Irunen, eta azaroaren 8an bukatu Madrilen; oso menditsua da, ohiko legez, baina eguraldiak etapak eralda ditzake. Parte hartzea oso ona da: Roglic, Dumoulin, Froome, Carapaz, Chaves, Pinot...

Urri bukaeran hurrengo denboraldian pentsatzen leudeke ziklista denak, denboraldia normala izan balitz. Baina ez da, eta urri bukaeran Vuelta hasiko da. Ahal izan duenean, eta presaka, Giroarekin bat eginez eta udazkeneko eguraldi txar erasoei pultsua botata. Hasiera bera ere aldatu egin behar izan du Vueltak, Herbehereetako hiru eguneko irteera bertan behera utzi eta Irunen hasteko erabakia hartuz. Presentzia garrantzitsua izango du Euskal Herriak Vueltan. Bihar Irun-Arrate etapa, etzi Iruñea-Lekunberri Mortirolo txikia pasata, Huartetik Aralarko San Migelera, eta bihar zortzi, Gasteiz-Gaubea etapa, Urduña bi aldiz pasata. Pandemiaren bitxikeriak, Arrate eta Urduñara hurbiltzeko debekua ezarri du Jaurlaritzak, Aralarko San Miguel-en antzeko neurririk ez da jakinarazi, momentuz.

Vuelta oso menditsua da, ohiko legez. Zazpi bukaera izango ditu gainean: Arrate, Laguna Negra, Moncalvillo, Tourmalet, Farrapona, Angliru eta La Covatilla. Asko mendate bakarreko etapak, edo aurrez gogortasun gutxi izango dutenak dira. Salbuespenak igandeko etapa, Tourmaleten bukatuko dena, aurrez Portalet eta Aubisque igoko baitituzte, eguraldiak baimentzen badu, eta Asturiasko biak, mendate zailak baitaude helmugakoaz gain. Eta trukean, tranpatxo asko dituzten etapa gorabeheratsuak, eta erlojupeko bakarra, Galizian. Kuriosoa hori ere, Mirador de Ezaro 2.5 kilometroko aldapa tentean bukatuko baita 33 kilometroko erlojupekoa. Igotzaileek izanen dute abantaila, noski, baina erlojupeko horretan bizpahiru minutuko errenta lor dezakete espezialistek, eta hori errenta polita da.

Primoz Roglicen kasua, adibidez. Jarduneko txapelduna da, Tourra azken unean lapurtu zion Pogacar herrikideak, eta amorratu antzean aritzea espero da. Hori Tom Dumoulinekin bakoitzaren rola zehaztu badute, herbeheretarra Roglicen mesedean aritu baitzen Tourrean. Pentsatzekoa da Dumok galoiak izatea eskatuko duela. Emango ote dizkioten, ikuskizun. INEOS ere fuerte dator. Inkognita handia Chris Froome-en errendimendua, pasa den urtean Dauphinen sekulako muturrekoa hartu ondoren ez baita bere onera itzuli, ezta hurbildu ere. Itxura du jokoz kanpo geratuko dela lehen astean, eta Carapaz taldekidearen mesedean aritu litekeela, INEOS utzi eta Israel taldearen maillota jantzi aurreko azken lasterketan. Hortik aurrera hautagai sorta zabala da, baina ez aurrekoei aurre egiteko moduko gaitasunarekin: Valverde, Mas, Chaves, Guillaume Martin, Thibaut Pinot... Gehienak, gainera, Tourretik etorriak, nekeak jota.

Lehen astean Giroko azken aste menditsuarekin egingo du bat Vueltak, baina bi itzuli handietako bukaerek bat ez egitea espero da, Vueltako bukaerak arratseko 5.30tarako espero direlako, eta Girokoak ordubete lehenago, gutxi gora behera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak