Usteak erdi ustel

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko urr. 16a, 17:35

Irudia (Twitter: @giroditalia)

Peter Saganentzat etapa aproposa zirudiena Ulissik eraman du, eta Almeida liderrak ere maglia arrosa kentzeko aurkariek lan handia egin beharko dutela erakutsi du.

Denok egiten dugu eguneko plan jakinen bat, Giroko etapa nola joan litekeen pentsatzen dugun bezala. Montelicera bidean 170 kilometro lau, eta gero laugarren mailako bi mendate piko. Nahikoak Arnaud Demare esprintetako mamua lasterketa burutik urruntzeko. Horraino dena erraz. Peter Sagan eta BORA taldeko zuzendariek ere pentsamendu bera eduki dute, eta horregatik hasi dira azkar ihes egin duen zazpikoaren errenta kontrolatzen, hiru minututik oso gora joan ez zedin. Zazpikoak lehen muinoa pasa du, baina bigarrena ez. Demare-ek sufritu egin du, lehen mendatean, baina tropel nagusira bueltatzea lortu, bere taldekideen laguntzari esker. Bigarren muinoan, ordea, berriro atzera, baina Demare bezala Sagan bera ere bai. UAEko Valerio Contik erritmo itogarria jarri du kilometro batean, eta buruan 20 onenak bakarrik geratu dira. Eta bertan bi hautagai etapa irabazteko: Diego Ulissi eta Joao Almeida liderra. Usteak, beraz, erdi ustel.

Almeidaren Deceuninq taldeak lau ziklista sartu ditu onenen multzoan, eta erritmo bizia jarri dute gainetik helmugaraino zeuden 15 kilometroetan, jazarpenean zetorren Sagan aurrean ez sartzeko. Baita lortu ere. Almeida esprintean sartu da, baina Ulissi ere bai, eta italiarra goranzko joera duten esprintetan hobeto moldatzen bada ere, ailegaera lauetan ere ez da herrena. Almeida bigarren postuan helmugaratu da, sei segundoko gainsaria irabazi, eta bere lidergoa sendotuz.

Bihar, eta hurrengo astean gerta daitekeena airean dagoela, Giroko etapa erabakigarria jokatuko da, 34.1 kilometroko erlojupekoa. Almeida maglia arrosari eusteko faboritoa da, erlojupekoan ondo moldatzen delako, baina etapa gorabeheratsua da. Seigarren kilometroan %14ko batez bestekoa duen kilometro pasatxoko aldapa dago. 26. kilometroan hiru kilometroko beste aldapa bat, hau etzanagoa, %5eko media. Eta bukaerako 300 metroek ere gora egiten dute. Keldermanek eta Pello Bilbaok maglia arrosa janzteko, edo gerturatzeko aukera ona izan dezakete. Beste batzuen kasuan denbora asko ez galtzearekin konforme lirateke: Majka, Konrad, Nibali edo Fulgsang-en kasuak dira. Biharko platera batere gustuko ez duena Pozzovivo da, 2-3 minutu arteko galera izan dezakeela bai baitaki. Etzi, Piancavallon kitarakoa hartzeko astia izanen du Domenico txikiak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak