Buruak indarrak baino gehiago balio du!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko urr. 15a, 17:40

Jhonatan Narvaez ekuadortarrak errematatu du ihesaldia, Mark Padun iheskidearen matxura baliatu, ukrainarra hurbiltzen utzi, eta gertuen eduki duenean behin-betiko urruntzeko

 Giroko etaparik gogorrena izan da Cesenaticon hasi eta bukatu dena. Ibilbide gaiztoari eguraldi euritsua gehitu zaio azken bi ordutan, eta NTT taldeak jarri du falta zen ezinbesteko osagaia: lasterketa bizi-bizi eramateko ardura. Ihesaldiak bidea egitea espero zen, eta egin du, baina une batean tropelak irentsiko zuela zirudien. Dozena bat lagunek egin dute hanka, eta berriro ere zaldi onak: Simon Ckarke, Mark Padun, Jhonatan Narvaez... 13 minutuko zuloa ireki dute, eta ziurra zirudien euren arrakastak, baina NTT taldea lanean hasi da Domenico Pozzovivok Romana eskualdeko muino pikoetan erasoren bat jotzeko asmotan, eta aurrekoen errenta erdira jaitsi dute 30 kilometrotan. Lau minuturaino jaitsi du tropelak atzerapena, eta orduan, aurrekoak egurrean hasi dira, helmugara iristeko larri ibiliko zirelako hala egiten ez bazuten. Padun eta Narvaez joan dira bakarrik, eta azken mendateko jaitsieran gurpila zulatu du ukrainarrak. Minutu erdiko aldea lortu du Narvaezek, baina Padun hurbiltzen joan zaio pixkanaka, begi bistan izan arte. 10 segundora eduki du Padunek, baina hortxe egin du pott. Narvaezek erritmoa bizitu du, eta oso kontra zeukan egoera aldeko bilakatu du. Hiruzpalau kilometroan minutu erdira handitu du aldea Ineos taldeko ekuadortarrak, eta hirugarren garaipena eman bere taldeari. Buruarekin jokatu du Narvaezek. Padun-i hurbiltzen utzi, eta begi bistan izan duenean, erritmoa bizitu. Bere ezinean ito da Padun azkar.

Oilarren artean, Pozzovivok dauka aginte-makila. Inoiz ez bezala, nagusi ari da Domenico txikiaren NTT taldea, Ben O'Connor morroia batez ere. Vincenzo Nibalik ere aitortu du, inoiz baino hobeto ikusten ari dela Pozzovivo, eta igotzaileak beretzat eskatu da onenen multzoa gidatzeko ardura. Beste guztiak bere gurpilean joatera mugatu dira, zopa-zopa eginda. Egia da Pozzovivok, segundotan behintzat, ezin izan duela uzta handirik bildu, baina oilarren tropela 15 lagunera mugatu du, eta horrek jendea oso oso justu doala esan nahi du. Pozzovivok ez du inoiz podiumik egin Giroan, eta gaur-gaurkoz, inoiz baino gertuago daukala dirudi.

Bihar 13. etapa korrituko da, Adriatiko itsas ertzean berriro. Cervian hasiko da eta Montelicen bukatu, 192 kilometroko bidea eginda. Esprint usaina du, baina kontuz, azken 30 kilometrotan Demare-ren agintea arriskuan jarri dezaketen laugarren mailako bi mendate baitaude. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak