Adriatiko itsas ertzeko pakea baliatu du tropelak 11. etapa lasai antzean betetzeko, atzoko jipoiari buelta ematen saiatzeko. Hainbeste, ihes egin duen boskotea esprintean buka daitekeen etapa apurretako bat galtzear izan direla volata zaleak. Hiru eta lau minutuko aldearekin, lo hartu du tarteka tropel nagusiak, eta barren hustu egin behar izan dute boskoteko azken ordezkaria harrapatzeko. Helmugatik sei kilometrora lortu dute, orduan bukatu baita Sander Armee belgikarraren balentria. Riminiko bukaera bihurrian UAE Gaviriarentzat esprint ona prestatzen saiatu da, baina jardun horretan ere Groupama ari da ondoen. Jacopo Guarnieri bideratzailea, batez ere. Garaipen erdia lortu du Demare-rentzat, eta Nonok pokerra, laugarren garaipena lortu du hanka batekin. Sagan, hamaikagarrenez, bigarren izan da, eta Gaviria, hau ere hamaikagarrenez, nahi eta ezin, garaipenetik oso urrun. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egon.
12. etapa Marco Pantani handiaren jaioterrian hasi eta bukatuko da, Cesenaticon, eta bertakoek italieraz esaten duten moduan, etapa impegnativa da. Alegia, gogorra, gaiztoa, gogaikarria. 204 kilometro, eta puntuak banatuko dituzten bost mendate, eta puntuak banatuko ez dituzten beste hainbeste edo gehiago. Lehen 25 kilometroak, eta bukaerako 15 kilometroak izan ezik, atsedenik ez dauka apenas, eta bai Belgika eta Herbehereetako klasikoen antza handia. Peter Sagan-en gurpila izango da zaindu beharretako bat.