Ruben Guerreirok zerua lapurtu dio Jonathan Castroviejori

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko urr. 11a, 17:26

Ruben Guerreiro helmugara sartzen.

Ihesaldiko indartsuena zen getxoztarra, baina portugaldarraren zuhurkeriak sari gabe utzi du Castro; diferemtzia eskasak izan dira oilarren artean Rocarasso tentean.

Etapa benetan gogorra gainditu behar izan du tropelak biharko lehen atseden egunaren aurretik. 200 kilometro nekagarri, gorabehera etengabeak, eta euria goian-behean, Abruzzo eskualde menditsuan. Ihesaldiaren arrakasta espero zen, eta hala izan da, gorpuztea kosta egin bada ere. Sailkapen nagusian distantziak handitu egin dira, Deceuninq-ek ez dauka jazarpen erritmorik jartzeko asmorik, eta oilar indartsuenen taldeek ere indarrak sobera xahutzeko kemenik ez dute. Trek taldearekin gertatutakoa, horren adibide. Nibaliren taldekideek erritmo bizia jarri dute helmuga aurreko mendatean, eta onenen taldea 25-30 lagunera mugatu, baina azken aldapa hasi bitarte zeuden 15 kilometroetan erritmoa mantentzeko morroirik ez zeukan, eta baztertu egin dira tropel burutik. Deceuninq bueltatu da, eta ihesean zihoazenen arrakasta baimendu, erritmoa jaitsita. Litekeena da Astana etapa gogorragoen zain egotea, baina jendea justu samar doa.

Ihesaldian zortzi lagun sartu dira. Jonathan Castroviejo tartean. Getxokoa zen indartsuena, agerikoa izan da igoeretan edota ordekan, baina selekzioan, behin-betiko galbahean, Ruben Guerreiro portugaldarrak eutsi dio. Education First-ekoak zuhurkeriaz jokatu du azken bost kilometroetan, jota joango balitz bezala, dagoeneko Castrorekin bakarrik zihoala. Castrok 300 metroko erreleboak eman ditu, eta Guerreirok 50 metrokoak. Zepoan jausi da bizkaitarra, ziur aski behingoz distira pertsonala emango zion garaipen handi baten antsietateak jota, hainbeste urte morrontzan tropeleko langile onenetakoa izan ondoren. Eta azken aldapan Guerreirok atzean utzi du. Aise, gainera. Nekatu itxurak egin, bai, nekatuta egon, ez.

Tropel nagusian Sunweb taldeak jarri du erritmo itogarria, Keldermanen mesedean. Eta asmatu dute, Nibali eta Almeidarekiko 20 bat segundo eskas irabazteko izan bada ere. Ondoan zeuzkan Fulgsang eta Pozzovivo, eta atzeraxeago Nibali eta Almeida liderra. Etapa etsigarria izan da orokorrean, apenas egon baita mugimendurik onenen multzoan. Indar falta latza sumatzen da, edo ziurtasun falta, baina Dolomiten zain geratzeak, egun, alferrikakoa dirudi. Gaur Rocarasson, sei gradu zeuden 1.600 metrora, Stelvion elurra mara-mara ziur. Mendate garai haiek igoko direnik ere ez da ziurra, eta haiek igo zain geratu baino hobea litzateke igotzen diren mendateetan saiatzea. Baina jotzeko gaia eduki behar da... Bihar lehen atseden eguna izanen da tropelarentzat, eta etzi 10. etapa, Adriatiko itsasoaren ertzetik osatuko da: Lanciano-Tortoreto, 177 kilometro eta ibilbide bihurri samarra azken herenean, aldapa piko eta laburrez josia. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak