Caicedo Ekuadortik zerura, Pello Bilbao Gernikatik podiumera eta Yates eta Thomas infernura

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko urr. 5a, 18:15

Etna sumendiak bere legea ezarri du, eta Giroa irabazteko faborito bi jokoz kanpo utzi ditu lehen mendate serioan; kontrolik gabeko igoera izan da, eta Giro ederra ikusteko atea irekitzen du horrek.

Zeresan ikaragarria eman du Giroko lehen etapa menditsuak, Etna sumendian. Hasteko, ihesaldiak tropelaren kontrol zorrotza menderatu du, Jonathan Caicedok etapa modu dotorean irabazita. Sailkapen nagusiko oilarrei dagokionez, Etnak bi faborito zigortu ditu, eta Giroa irabazteko lasterketatik kanpo utzi. Bai behintzat Geraint Thomas-en kasuan, ia 12 minutura helmugaratu baita. Galestarra erori egin da etapa hasierako zati neutralizatuan, baina kolpe handi samarra hartu, maillota zartatuta baitzeukan. Hartutako kolpearen eraginez ezinean ibili da etapa guztian, eta jokoz kanpo geratu da behin-betirako. Ikuskizun dago erorketak lasterketan jarraitzen utziko dion edo ez. Simon Yates, bestea, etapa irabazteko hautagaietako bat, eta txakalaldi handi samarra jasan duena. Helmugatik zazpi kilometrora geratu da Manchesterkoa, eta lau minutu galdu helmugan. Giroa lortzeko lehiatik %100 kanpo geratu denik ezin esan, baina hasi eta berehala lau minutu galtzea nahiko seinale txarra da.

Yates-ek lasterketara bueltatzeko aukeraren bat izan dezake Giroa gaur bezain arraro, berezi joaten bada. Espero ez ziren asko ondo ibili direlako, eta ondo ibiltzea espero zen beste asko nahiko gaizki. Baina hori baino garrantzitsuagoa. Ez da lasterketa kontrolatzeko gaitasunik daukan talde indartsurik ikusten, Jumbo Vismak Tourrean egin zuen bezala, eta horrek ezustekoei atea irekitzen die parez pare. Etnan gora agerikoa izan da usteak erdi ustel direla. Mitchelton lanean aritu da Yates-entzat, eta ihesaldia kontrolpean eramaten saiatu. Ondoren, talde buruak kale egin du. Trek taldeak ere lan egin du Nibalirentzat, baina marrazoa tiraka ari zen morroiarengana hurbildu eta erritmoa mantsotzeko esan dio, justu zihoalako. Borako Matteo Fabrok ere egurrean egin ditu bi kilometro, eta asko bakandu onenen multzoa, baina Rafal Majka liderrak erasoa jo ez, atzera egin du ezinean. Ondoren etorri dira Castroviejo, Vanhoucke edota Keldermanen erasoak. Erantzunik ez ilustreen artean. Jakob Fulgsang saiatu da birritan, baina nahiko eroso erantzun diote Nibalik, Pozzovivok eta Kruswijk-ek.

Pello Bilbao ere bikain ibili da. Onenen multzoan, edo haiengandik gertu beti. Segundo apur batzuk baino ez ditu galdu helmugan faboritoekiko, eta erlojupekoan egin zuen lan bikainari esker hirugarren postuan kokatu da sailkapen nagusian. Gernikarra Tourra egitetik dator, eta azken astean bigarren itzuli baten pisua nabarituko du hanka zuztarretan, baina bere kirol ibilbideko aukera onena izan dezake podiuma egiteko, parean dituenak baina gehiago baita erlojupekoan.

Bihar laugarren etapa korrituko da: Catanian hasi, eta Villafranca Tirrenan bukatu. 140 kilometro eta hirugarren mailako mendate etzana bide erdian. Esprinterren luzimendurako etapa aproposa da, eta haiek ihesaldiaren arrakasta galeraztea espero da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak