Agindutakoa bete du Diego Ulissik

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko urr. 4a, 18:16

Argazkia: Giro d'Italia

UAE taldeko italiarrak Agrigenton bukatzen zen etapa gorriz markatua zeukala esana zuen, aspaldi; bere zazpigarren etapa garaipena da Giroan; Vlasov erretiratu egin da.

Esatea erraza da, egitea ez hainbeste. Diego Ulissik argi esan zuen Giro atarian eman zituen elkarrizketetan Agrigenton bukatzen zen etapa, Giroko bigarrena, gorriz markatuta zeukala bere agendatxoan, oso bukaera aproposa zeukalako. Lau kilometroko igoera, %5-6ko maldekin, baina %9ko kilometro erdiko tarte gogorrago bat helmugatik kilometro eta erdira. UAEren estrategia bikaina izan da. Lan handia egin dute eguneko ihesaldia harrapatzeko (tartean zen Thomas de Gendt zaldia), eta 1.500 metroren faltan erritmoa bizitu dute Valerio Contirekin. Conti igotzaile ona da, eta Sunweb eta Michael Matthews, eta Mitchelton eta Lucas Hamiltonen trenoak hautsi ditu. Frolich Honore danimarkarrak bakarrik eutsi dio, eta helmugatik 300 metrora Peter Sagan ere iritsi da lasterketa burura, baina muga-mugan, ordurako. Azken 150 metroetan hankapean ibili ditu Ulissik. Hiruko hori segundo batzuetako errentarekin iritsi da, baina oilar guztiak elkarrekin ailegatu dira. Nabarmentzekoa Aleksandr Vlasov-ek Giroari agur esan diola. Astanako errusiarra ondoezak jota ibili da etapa osoan, gonbitoka eta ezinean, eta bizikletatik jaitsi da. Bi lider garrantzitsu galdu ditu, beraz, Kazakhstaneko taldeak Giroko lehen bi egunetan.

Bihar lehen etapa menditsua jokatuko da: Enna-n hasi, eta Etna sumendiaren magalean bukatu, 150 kilometroko bidearen ostean, eta bukaera 1.793 metrora, Piano Provenzana paraje ikusgarrian. Etnak 19 kilometroko igoera luzea dauka, eta ia %7ko batez bestekoa. Diferentzia garrantzitsuak egon daitezke onenen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak