Soren Kragh Andersen danimarkarraren bigarren etapa

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko ira. 18a, 18:00
Soren Kragh Andersen.
Sunweb-eko ziklistak txikitu egin ditu iheskide guztiak, 14 kilometrora jo duen erasoarekin, eta bere taldearen Tour aparta errematatu

Lehen 120 kilometroetako kontrola, eta azken 40 kilometroetako kaosa. Horixe eman du Tourreko 19. etapak. Lehen bi laurdenetan Remy Cavagna frantziarrak 120 kilometroko erlojupekoa egin du, hurrengo osteguneko Munduko Txapelketako erlojupekoari begira entrenamendu ezin hobea. BORAk minutu eta erdira mantendu du frantziarra, uneoro, Peter Saganen etapa garaipenean pentsatzen, baina BORAren kemena itzali egin da bapatean, eta kaosa nagusitu tropel buruan. Tropel erdia saiatu da ihes egiten, eta 12 lagunek egin dute zuloa, azkenerako. Txirrindulari onak, beste behin: Bennett, Sagan, Van Avermaet, Stuyven, Naesen... Eta Soren Kragh Andersen. Lyonen etapa eraso bortitz baten ostean irabazi zuen errodadore bikaina.

Ba antzera jokatu du gaur. Zirrikitua ikusi du 14 kilometrora, eta eraso bikaina egin. Inor ez da bere bila irten, eta 10 segundo atera ditu aitaren batean. Zuk tira, nik begira, iheskideak ezkutatu egin dira, eta Andersenek minutuko aldea lortu du 10 kilometrotan. Garaipen handia lortu du, bere bigarrena, eta hirugarrena Sunweb taldearentzat. Bukatzear den Tour honetan etapen irakurketa onena egin duen taldea, zalantzarik gabe. 

Bihar podiuma, Top 5a eta mendiko maillota erabakiko dira, 20. etapan. 36.2 kilometroko erlojupeko-kronoigoera. Erlojupekoa lehen 30 kilometroetan, goranzko joerarekin, eta azken 6ak lehen mailako mendate gogorra, Les Planches des Belles Filles mendate ezagunean. Sei kilometro eskas, eta %8.5eko batez besteko pendiza. Tarteka %13ko maldak, eta bukaerako 200 metroetan %20ko horma ikusgarria. Roglic da horiari eusteko faborito argia, 57 segundo kentzen baitizkio Pogacar herrikideari. Esloveniar gazteak mendiko maillota irabazi nahiko du, Carapaz-ekin borroka estuan. Podiumeko hirugarren eskilara bereganatzeko borrokak ere zeresana eman dezake. Miguel Angel Lopezek 1.39ko errenta ateratzen dio Richie Porteri. Nahikoa dirudi, baina australiarrak ezustekoa eman dezake kolonbiarraren aurka. Eta azkenik, Mikel Landaren borroka Top 5ean mantentzeko. Arabarrak 51 segundo ateratzen dizkio Movistar taldeko Enric Mas-i. Nahikoak ote? Erantzuna bihar! 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak