Pogacar Roglic urduritzen hasi da

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko ira. 13a, 18:33

Esloveniar gazteak irabazi du Grand Colombier gainean, Roglic liderraren aurretik; Quintanak eta Bernalek agur esan diote Tourrari.

Egon hadi lo, Primoz, eta jango dek mehe. Tadej Pogacar gaztea Roglic liderra urduritzen hasi da, eta atzoko garaipeneko gainsariei esker 40 segundo eskasera du maillot horia. Lavaur-era bidean sortu ziren haize-babesei esker da liderra Roglic, baina taktikaz aldatu behar duen edo ez aztertu beharko du. Grand Colombiere-eko ailegaera oso aproposa zen berarentzat, baina Pogacarrek lapurtu dio garaipena, indartsuago iritsita azken metroetara.

Roglic-ek, gainera, taldea lehertu du bere lidergoa sendotu behar zuen garaipenaren bila, eta zalantzak sortuko zaizkio. 40 segundok nahikoa behar lukete hurrengo asteko erlojupekoari begira, baina Pogacar ez da herrena bakarkako lanean. Erasorik jo gabe, eutsiz Jumbo eta Roglic mendera ditzakeela jabetu da, gainsariekin liderrarengana hurbildu, eta erne gaztearekin.

Grand Colombierrek bi biktima ezagun utzi ditu: Nairo Quintana eta Egan Bernal. Ineos taldekoa, batez ere, zazpi minututik gora galdu eta agur esan baitio Tourrari. Quintanak erdia galdu du, baina podiuma lortzeko borroka erremediorik gabe urrundu zaio.

Bestelakoan gauza gutxi eman du Tourreko etapa gogorrenetakoak. Jumboren erritmoan dantzan denak, eta urrutitik erasoak jotzeko grinarik ez inork. Gurpilean irautearekin nahikoa baita askorentzat. Jumbok sei lagun ditu 20 onenen multzoan azken mendatearen atarian, eta hiru 10 geratzen direnean. Van Aert eta Dumoulinek jartzen duten erritmoan ezinezkoa da erasotzea.

Gaur Adam Yates bakarrik ausartu da. Beste guztiak kieto! Badaezpada... Mikel Landak postu bat irabazi du nagusian, orain 7. da. Egia da Bernal eta Quintana jokoz kanpo geratu direla, baina beste batzuk etorri dira Kolonbiako bikotea ordezkatzera. Porte, Lopez eta Yates txukun ari dira, eta arabarraren Top 5a garesti dago.

Bihar bigarren atseden eguna izango dute ziklistek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak