Lasterketa bi ikusi ditugu Erdikaldeko Mendikateko mendate ezagunenetakoan: etapa irabazteko borroka, eta oilarren artekoa. Etapa lortzeko lehian Daniel Felipe Martinez kolonbiarra nagusitu da Puy Maryn, eta Bora taldea etapa bat irabazteko egiten ari den hamaikagarren ahalegina zapuztu. Espero bezala, maila handiko ihesaldia sortu da etapa hasieran. 17 lagun, eta izen ezagun asko. Powless, Schachmann eta Kamna izan dira indartsuenak. Schachmannek garaipena poltsikoan zeukala zirudien, baina atzo Hirschirekin topatu bazen, gaur Martinezekin topatu da.
Education First-ekoak minutuko atzerapena zeukan ia-ia Schachmann-ekiko Neronne gainean, helmugatik 11 kilometrora. Schachmann-en Lennard Kamna taldekidea zeukan gurpilean, gainera, baina ez du etsi. Banakako erlojupekoa egin du, Kamna aurreraino eramateko arriskua hartuz. Bat egin du Schachmann-ekin helmugatik 1.500 metrora, eta atzean utzi. Kamnaren erasoei eutsi die ondoren, eroso, eta errematea eman helmugatik 75 metrora.
Nagusiko borrokan gauza asko erakutsi ditu Puy Maryk. Esanguratsuena, bi esloveniarren indarra. Nagusi dira Roglic eta Pogacar, Pogacar eta Roglic, eta lehen bi postuetatik botako dituenik ez da ikusten inondik. Podiumeko hirugarren koskari begira zalantza sortu da, batez ere Bernalek ikaragarri sufritu duelako. 36 segundo galdu ditu kolonbiarrak bi esloveniarrekiko, eta Porte, Landa eta Lopez ere bere aurretik iritsi dira. Bardet eta Guillaume Martin izan dira kaltetuenak etapan, Top 10etik kanpo geratu baitira. Landa, aldiz, 8. posturaino igo da.
Bihar 14. etapa jokatuko da, Clermont Ferrand-Lyon, 194 kilometro gaizto berriro Erdikaldeko Mendatean, bost mendaterekin. Borak erritmo itoa jarriko du Saganekin garaipena eta maillot berdea lortzen saiatzeko.