Haizea da Tourra

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko ira. 4a, 18:02

Haizeak triskantza handia egin du Pirinioen atarian, eta Landak eta Pogaçarrek 1.20 galdu dituzte; Van Aert-ek irabazi du etapa, bigarrena berarentzat

Euskara aberatsa da esaera zaharren arloan. Eguraldiari buruz mintzatzeko erabili ohi da 'haizea da negu' esaera. Alegia, haizeak egiten duela negua negu, edota haizerik gabeko negua ez dela negua. Txirrindularitzan haizeak triskantza handiak egiten ditu, mendiak baino gehiago sarri. Zer esanik ez Tourrean, eta zehazki Pirinioen aurreko etapan.

Denek zekiten haize-babes arriskua zegoela. Baina batzuk aurrean sartu dira, eta besteak atzean geratu. Eta atzean geratu direnen artean Mikel Landa. Ez da gertatzen zaion lehen aldia, eta berriro zepoan erori izana bere eta bere taldearen akatstzat hartu behar da. Oilar guztiak sartu ziren aurrean, Pogaçar eta Landa izan ezik. Zergatik? Erantzun zuzena ematea zaila. Kolokazioa, indar falta...

30 lagun sartu ziren aurreko tropelean eta hegan egin zuten Lavaur herriko helmugara. Landa gero eta atzerago, erremediorik gabe. Murgiakoak buru janean egingo zituen azken 30 kilometroan, haize- babesek berriro nolatan harrapatu zuten hausnartuz.

Helmugan esprint txikia jokatu zen eta Wout Van Aert izan zen azkarrena, bigarrenez. Landak 1.20 galdu ditu, eta nagusiko ohorezko postuak aldendu egin zaizkio.

Bihar Pirinioetako lehen etapa jokatuko da. Laburra, 141 kilometrokoa, eta hiru mendatekoa: Mente, lehen mailakoa, Bales maila berezikoa, eta Peyresourde ezaguna Loudenvielle helmugatik 11 kilometrora. Landak erasoa jotzeko ibilbide aproposa. Ibilbidea... 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak