Merkealdiak Tourrean. Bigarren aukerako lasterketa ere esan genezakeela. Oso Tour pobrea ikusten ari gara eta azken mendatean ikusi zenak zer hausnartua eman beharko lieke askori. INEOS Grenadier jarri zen tropel buruan tiratzen etapako mendate gogorrenean, baina ez aurkariak estutu edo Bernalen erasoa prestatzeko, kolonbiarra fin ez dagoela-eta hura babesteko asmoz baizik. Ihesaldiko ziklistek errenta handitu zuten etapako 7. kilometroan ihes egin ondoren. Tropel nagusian 70 lagunek eutsi zioten erritmoari, eta Fabio Aruk ere minutu erdiko aldea lortu zuen tropeletik erasoa jo ondoren.
INEOS-ek taktika defentsiboa darama, eta britainiarrak bezain oker ibili ziren beste taldeak, ez baitzuten Bernal benetan ahuldadeak jota doan jakiteko erritmo aldaketarik egin. Eta atzokoa pasata iazko garaileak sasoi puntu ona berreskuratzen badu zer? Jumbo, UAE, Bahrain, Michelton eta beste damututa izanen dira. Ontzat eman baitzuten INEOS-ek Bernal babesteko taktika. Hirugarren asteaz mintzo dira denak, eta astebete pasa da, dagoeneko. Denak gordetzen. Denak esperoan. Noiz arte baina? Tourra, momentuz, erabat etsigarria izaten ari da.
Tropelaren axolagabekeriak garaile argi bat izan zuen: Alexei Lutsenko. Beste zazpi lagunekin egin zuen ihes zazpigarren kilometroan. Bost minutu lortu zituzten, baina etapako zati gogorrena hasi zenerako hiru minutu baino ez zeramatzaten. Garaipena tropelean zegoen oilarrak mugitu izan balira, baina ez ziren mugitu!!! Gordetzeko garaiak dira... Eta zaleok aspertzeko. Lutsenko eta Astana zaleak izan ezik.